Arana kaleko bizilagunak kezkatuta, autoetako txikizioak tarteko

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2024ko mar. 5a, 13:16

Arana kaleko bizilagunek Uztarriari igorritako argazkiak dira honako hauek. Bertan, autoetan izan dituzten txikizioak ikus daitezke. Kaltetuek adierazi dute salaketak jarri dituztela, baina nabarmendu dute "inork" ez duela ezer egin egoera konpontzeko. 

"Aspaldian, Arana kalean astero-astero kotxeen kristalak puskatzen dituzte". Horrela adierazi diote Uztarriari Arana kaleko bizilagunek. Azaldu dutenez, astero jarri dituzte salaketak Udaltzaingoan, baina "inork ez egiten ez duela ikusita", salaketa publiko egitea erabaki dute, eta horregatik bidali dituzte autoetako argazkiak Uztarriara. 

"Badirudi inork ez duela ezer ikusten, eta ematen du Udaltzainen lana lekura bertaratzea eta salaketa idaztea dela. Badakite larunbat gauetan edo igande gauetan izaten direla txikizioak, eta egun horietan ez dute Arana inguruan ez guardiarik ez bisitarik egiten", azaldu dute bizilagunek. Hori dela eta, Azpeitiko Udalari galdegin diote zerbait egiteko eta konponbidea aurkitzeko: "Espero dugu Azpeitiko Udalak esku hartuko duela asteroko ohitura bihurtu den auzi honi bukaera emateko. Arana kaleko bizilagunok kokoteraino gaude, bildurrez ea hurrengo kaltetua nor izango den".

Egoeraren larriaz jabetuta, orain arte kaltetutako autoen argazkiak biltzen ari dira. Otsailaren 18an hasi ziren lehen txikizioak, eta azkena atzo, martxoak 4, izan zen. "1766ko Matxinada kaleko obretatik hartutako harriak erabiltzen zituzten hasieran, baina orain ez dakigu zer erabiltzen duten, obrak ia-ia bukauta baitaude", kontatu dute bizilagunek.