Mendi bidea irekita

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2020ko aza. 25a, 10:16
Kexa agertzeko gutunarekin bidali zuen Narzabal eta Urruzuna baserrien goiko aldean dagoen langaren irudia. (Jose Mari Aizpitarte)

Jose Mari Aizpitartek honako gutun hau bidali du, Urruzunatik edo Narzabaletik Oinatzera doan bidea txukundu eta zabaldu dutelako.

"Ustekabe on bat kontatzera noakizue oraingoan. Orain dela gutxi, kexa agertu nuen Mendi bideak itxita izenarekin azaldu nuen idatziarekin. Hain zuzen ere, Urruzunatik edo Narzabaletik Oinatzera doan bidea itxita zegoela kontatu nuen orduko hartan. Kexa hura ez zen nirea bakarrik, beste ibiltari askorena ere bai, eta uste dut, oraingoan ere, nirekin bat etorriko direla.  

Espero nuen arazo honek lehenago edo beranduago konponbide egoki bat izango zuela, baina ustekabean harrapatu nau hain azkar konpondu izanak. Aipatutako bide hori zabalik dago: lehen sastrakaz itxita zegoen bidea garbitu dute. Badirudi bide hau dela legezkoa, eta ez lehen zegoena. Orain, inongo arazorik gabe joan gaitezke bide horretatik oinez, Garin eta Oinatz aldera hain zuzen ere, zuri-gorriz markatuta dago bidea jarraituz. Hori bai, markak nahiko ezkutuan daude, eta arreta pixka batekin joatea komeni da, batez ere, lehen aldiz bazoaz.

Horretaz aparte, ez dago arazorik, arretaz joanez gero, ez dago galtzeko beldurrik. Idatzi hau egin dudanez, bidea hobeto markatzea komenigarria izango litzatekeela esateko aprobetxatuko dut, batez ere, hasierako puntuetan eta bidegurutze batzuetan.

Hori horrela izanik, bideaz urte askoan gozatzeko aukera izatea espero dut, guztiok txukun eta errespetuz zainduko dugula. Nire eskerrik beroenak arazoa konpondu duten guztiei".