Bizitzaren paradoxak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Haritz Saez | Iritzia
2015ko mar. 31a, 10:34

Badira hiru urte Amezketatik, nire sorterritik, Azpeitira etorri nintzenela. Arrazoia: nire alaba bertan bizi izatea eta berarekin harreman estu eta natural baten beharra sentitzea.

Zin dagizuet ez naizela damutzen. Alderantziz, oso harro nago hartutako erabakiaz, eta hautua berriro egin beharren aurkituko banintz, berdin egingo nuke!

Aldaketa latza izan zen, eta izaten ari da, Amezketako puntatik Azpeitiko Erdi Kalerakoa. Azpeitiarrak ez zarete errazak, orokorrean, itxi fama hori ederki irabazia daukazue. Azpeitiano kutsu nabarmena bistakoa da; danborrada bizitzeko erak, elizak duen indarrak, Loiolak duen erakartzeko ahalmenak eta zezenek, edo hobe esanda, sokamuturrak duen kulturak harritzen nau. 

Zezen plaza, saskibaloi kantxa edo futbol zelairik ez da falta. Esku pilotan jokatzeko frontoi egokirik ez izan arren –nire zaletasuna medio dudan iritzia–, badira igerilekua eta polikiroldegia ere; finean kirol asko praktikatzeko aukera zabala.

Zuentzat aurreko hori guztia ez da berria. Normaltasun baten baitan bizitzen dituzuen gauzak dira, baina kanpotik, eta zehazki, herri txiki batetik datorrenarentzat, gauza bereziak eta berriak dira. 

Hala ere, ozen esan dezaket oso ondo hartu nauzuela zuen artean eta “zuetako” bat gehiago sentitzen naizela momentu hauetan; nahiz eta zuek bezala ez bizi gauza asko. Azkenik esan, arlo batean baino gehiagotan ibili izandu naizela, baina sekulan ez zitzaidala burutik pasatu Uztarrian idatziko nuenik.

Erronka polit bezala hartuko dut eta saiatuko naiz ahalik eta txukunen adierazten gai ezberdinekiko dudan ikuspuntua. Eskerrik asko Uztarriakoei, nitaz gogoratzeagatik.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu