Boteprontoan

Intimoa

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2021ko ots. 5a, 08:23

Felipe Murillok 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aspaldiko partez topo egin dugu. Elkarri zer kontatu ez genekiela geratu gara. "Dena ondo". "Hemen egotea bera ez da gutxi". Birusaz hitz egiten hasi gara, teorizatzen gehienbat. "Tabernak itxi dizkigute, gainera". "Puf! Eta eguraldi honekin, ezta paseatzeko ere". Lanetik etxera eta etxetik lanera omen gabiltza, eta ez dugu ezer elkarri kontatzeko. Lan kontuak aspergarriak dira, eta etxekoak... Etxeko kontuak intimoak dira antza. Eta ezer "egin" ez dugunez, ez dugu ezer kontatzeko, intimoa ez baita kontatzen. Intimoa gorde egiten da. Intimoa ez da soziala itxuraz. Dirudienez, intimoa ez da politikoa, ez da elkarbanatzen.

Horregatik ez dizut esan beldurrez nabilela, ezin asmatu gabiltzala etxean egoerarekin. Sozializatzeko beharra dudala, algaraka amaitzen genuen gauen falta sumatzen dudala. Ez dakidala nola asmatu jendearekin. Tristura ematen didala kalea horrela topatzeak, baina antsietate puntua ere bai jendez gainezka dagoen momentuetan. Errutinak sortu nahian gabiltzala eta ez dela erraza. Ez dela erraza egoera kudeatzea, eta are zailagoa osasunaren aitzakian saldu diguten indibidualismo honetan.