Boteprontoan

Isunkeriak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2020ko abe. 18a, 08:31
Foru Ogasunaren eraikinak, Donostian.

Felipe Murillok 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bazen behin multak ipintzen zizkioten gazte bat. Autoa gaizki aparkatzeagatik izaten ziren gehienetan, eta despistatua zenez, gainkarguekin ordaintzen amaitzen zuen gizajoak. Behin, leku berean bi isun jarri zizkioten. Gazteak, egun zein leku bereko bi isunak ikusita, erreklamatu eta ez ordaintzearen aldeko hautua egin zuen, arau hauste bakarra bi aldiz kobratu nahi ziotelakoan. Bi isunak desberdinak zirela ulertzerako, kobratuak zituen administrazioak. Lehena bereganatzeko, nominaren enbargoa agindu zuen. Bigarren isunaren kopurua, berriz, bere amak izenpetua zuen kontu korronte batera bahitura agindua emanda bereganatu zuen, beste behin ere.

Gazte hura helduxeagoa da orain, eta errenta aitorpena egin behar izaten du. Ordaintzera atera zaio, eta bigarren zatia kontu korrontetik kobratu dioten egun berean irakurri du prentsan Ogasuneko morosoen zerrenda, izen-abizen ezagunekin eta zor kopuru itzelekin. Heldu horrek ezer gutxi daki zenbakiez, badirudi are gutxiago dakiela sistemaz, baina ez du ulertzen zergatik ezin duen administrazioak isun haiekin hartu zuen lana errepikatu.