Harremanen inspekzio teknikoa

Plazeraren etsaiak

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko mai. 7a, 09:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratzen ditu Uztarria.eus-ek.

Gizon izateko, gizon bezala komunikatzeko, harremanak izateko eta erotikoki une beroak partekatzeko orduan, plazera eragin ordez, tentsioa sortzen duten hainbat gako errepikatzen direla ohartu gara. Norbere buruari bidaltzen dizkiogun aginduek gizonen plazera eta ondoan duten sexukidearena baldintzatzen dituzte. Nolabait, idatzi gabeko araudi zurrun bat balira bezala oheratzen dira agindu horiek ohekideekin batera.

Izan zaitez indartsua. Norbere buruari eskatzen dion zerbait izaten da zaurgarritasuna ezkutatzea edo disimulatzea, emozioak, sentimenduak, beldurrak, zalantzak, urduritasuna... itxuraz desagerraraziz. Baina, horrela, konexioa gutxitzen da norbere gorputzarekin, kidearekin nahiz esperientziarekin. Une erotikoek norbera izateko espazio libreak izateari uzten diote horrela. Izan zaitez irekia eta eskatu nahi duzun hori!

Saiatua izan zaitez. Ezin zara erlaxatu; saiatu, esfortzua egin, dena eman... Baina zertarako? Ez da betebeharra, ez lehia, ezta errendimendu proba bat ere. Horretarako, baditugu beste kirolak: mendi lasterketak, maratoiak... Zer iruditzen, esfortzua egin ordez, erlaxatu eta esploratzeko txapela janzten badugu?

Atsegin egin. Konplazitu. Ondo geratu. Politikoki zuzena izan. Bestearen begiradaren aurrean ondo geratzearen kezka ere oso zabaldua dago. Horrek bigarren agindu bat izaten du bere baitan: zakila tente izan topaketa erotiko osoan zehar eta sarketan eiakulatu. Mezu hori ere askok jaso dute; hori da ongi geratzea, gizontasuna erakustea. Baina zer exijentzia, ezta? Une erotikoan gaudenean autoexijentzietan ibiltzeak ez dirudi oso mesedegarria. Eta eramaten uzten bagara? Gidoirik gabe? Agian, sorpresa politak hartuko ditugu.

Izan zaitez bizkorra. Ezin duzu distraitu, ezin duzu hozkailura joan kolazko edari baten bila... Zuzen joan behar duzu helmugara. Zakila tente baldin baduzu, 'aprobetxatu' egin behar duzu, goian aipatutako gidoia jarraitzeko. Baina, horrela, ezin duzu besterik probatu, ezta dastatu ere, ezta lasai ibiltzeko denborarik hartu ere. A zer lata! Eta zakilak tente egoteari uzten badio? Ba primeran! Beste hainbat jokabide erotiko gauza daitezke, berriz ere altxa daiteke, topaketa luza daiteke, esploratu, jakin-mina ase... Ondo pasatu, erlaxatu. Berriz ere... ez da txapelketa bat!

Izan zaitez perfektua, edo bestela esanda, ezin duzu hutsik egin. Helburura iritsi behar duzu. Tente. Sarketa. Eiakulazioa. Hori oso errepikakorra, aspergarria, autoexijentea eta plazeraren kontrakoa bihur daiteke. A zer tentsioa! Zure presentzia hutsa da benetan axola duena.

Plax zerbitzuko kideok benetan biluztera, esploratzera, gidoirik gabe zure gustuko gauzak egitea probatzera eta autoexijentziak alboratzera gonbidatzen zaituztegu. Relax.