Harremanen inspekzio teknikoa

Autokritika erotikoa

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko api. 2a, 08:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak,  sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratzen ditu Uztarria.eus-ek.

Gure buruari gauza itsusiak esan ohi dizkiogu: "Potoloegi nago, azkarregi korritzen naiz, ez naiz erakargarria, gehiegi hitz egiten dut, ipurdi handiegia dut, hanka motzegiak ditut, lotsatiegia naiz...".

Horrelako mezuak maiz entzuten ditugu gure buruan, eta egunean askotan ager daitezke, mailukadak bezala, gure segurtasuna, autoestimua eta ligatzeko, gozamenerako edota orgasmorako gaitasunak urratuz.

Egoera erotiko partekatuetan, konpainian gaudenean ere, kanpoko epaile bat gurekin batera etorri izan balitz bezala senti gaitezke. Epaileak guri buruzko gauza politak esango balitu, zoragarria litzateke. Gure gorputza, bizipenak eta maitatzeko moduak txalotuz gero, gustura ibil gaitezke. Baina, askotan, epaile ziztrin horrek akatsak azpimarratzen dizkigu, ezgai sentitzen garen horri begira jartzen da, eta eskas sentitzen ditugun trebetasunak seinalatzen dizkigu. Txalorik ez. Animorik ez. Zorionik ez. Esaten digun guztia negatiboa da.

Horrelakoetan, eskura ditugun baliabideak jartzen ditugu martxan, hala nola feedback positiboa lortzeko eskean ibiltzen gara gure ingurukoen artean. Esate baterako, gutaz zerbait negatiboa esaten dugu, lagunek kontrakoa dela esan dezaten.

Gaiaren inguruko mezu positiboak biltzeko joera ere badugu; esate baterako, ispiluaren aurrean mantra edo esaldi happy positibo bat errepikatzen dugu. Gure burua konbentzitzen saiatzen gara, beste batzuek akats hori badutela edo gurea baino okerragoa dela pentsatuz, baina sakonean, tristura senti dezakegu. Amorrua. Inbidia. Ezgaitasuna. Beldurra. Etsipena. Emozio txar askoren koktela ere bai.

Lurralde malkartsu honetan gabiltzanean, eta hain justu, erotismoaren eta gure sentimenduen munduan biraka gabiltzanean, orduan eta zailagoa izaten da zama hori arintzea. Intimitateari dagokion eremua izanik, konfiantzazkoekin partekatzeko zailtasunak izaten ditugu, eta gainera, behin kontatuta, biluzik senti gaitezke, botererik gabe, gure indarra galdu izan bagenu bezala. Beste batzuetan, lasaitasuna momentukoa izaten da, eta laster iristen dira mamuak.

Baina, jakin, mamu horiek uxatzeko teknika eraginkorrak badaudela. Nondik datozen ulertzea da lehen urratsa. Ahots horiek isilarazteko prozesuak eginez, plano erotikoan zein sentimentalean, arintasuna eta asebetetasuna lortzeko aukera asko sortzen dira. Eska ezazu laguntza profesionala bizipen horiek arintzeko. Ez zaitez bizi zama horrekin!