Harremanen inspekzio teknikoa

Gogoaren indarra

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko ots. 19a, 09:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak,  sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratzen ditu Uztarria.eus-ek.

Motibatuta, gogoz, ilusionatuta, egotea ezinbestekoa dugu aurrera begira gure proiektu pertsonala, gure bizitza, bideratzeko. Aldiz, ilusio falta dugunean, etsita eta itsututa baldin bagaude, ezin dugu apur bat harago ikusi.

Garrantzitsua da alor honi begira jartzea eta honako galderak erantzuten saiatzea. Koadernotxo bat hartu eta erantzunak zirriborratzera gonbidatu nahi zaitugu, idatziz edo marrazkiak eginez:

· Erritmoa jaitsiko banu, gauzak desberdin bizi eta gozatuko al nituzke? Zer izango litzateke desberdina? Beste zer aukerari emango nieke lekua? Zer gehiago dastatuko nuke gustura? Erotikoki zer ondorio izango lituzke horrek?

· Naturan murgilduko banintz, zerekin konektatuko nuke? Nor eramango nuke nirekin? Bakarka ala konpainian nahiago? Zergatik, eta zertarako? Zerbait edo norbait soberan al dago nire bizitzan?

· Isiltasunean murgiltzen naizenean, nola sentitzen naiz? Hobeto ala okerrago? Ilusionatuta ala beldurtuta? Bakarrik ala konpainian sentitzen naiz? Hutsunea datorkit ala etorkizuneko ametsez betetzen zait irudimena?

· Bakean egoteko, zer falta dut? Norbait? Zerbait? Harremanen batean pauso bat ematea? Lanen bat bukatzea? Norbaiti ezezko bat ematea? Nire buruari baimenen bat ematea? Atzean esperientziaren bat utzi eta betirako ixtea? Nola eragingo luke nire sexualitatean?

· Bat-batekotasunari eta sormenari ematen al dizkiot aukerak? Gai al naiz planifikatu gabeko zerbaiten aurrean baiezko borobila eman eta ausardiaz zerbait berria egiteko?

· Nire ideien, emozioen, desiren eta ekintzen artean ba al dago koherentziarik? Zerbait edo norbait asko gustatzen zaidala diot, baina gero ez dut ezer egiten hori lortzeko? Non eteten dut bidea?

· Nire ametsak betetzeko eta autoerrealizazioan aurrerapausoa emateko zer egin dut gaur nik? Zer egin dezaket, gauza txikia bada ere, norabide horretan joateko? Nola aldatuko litzateke nire elkarbizitza besteekin?

Gogobetetasunaren lehen pausoa ilusioa da, guztiaren motorra, gure bizitzari zentzua ematen diona. Eta ilusioei begira egiten dugun bidea da gure abentura, gure biografia, alegia. Zu, orain, ilusionatuta al zaude?