Aberri Egunean, denok Iruñera!

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2024ko mar. 14a, 10:15
EH Bilduko kideak, Aberri Egunerako dei eginez Iruñeko Gaztelu plazan herenegun egin zuten agerraldian. (Eh Bildu)

EH Bilduk datorren martxoaren 31n Nafarroako hiriburuan ospatuko du aurtengo Aberri Eguna eta hara joateko dei egin die herritarrei Azpeitiko EH Bilduk. Herritik autobusez joateko aukera izango da. Autobuserako izen ematea Orkatzen edo Internetez egin daiteke.

Azpeitiko EH Bilduk datorren martxoaren 31n,  Aberri Egunean, Iruñera, gure hiriburu historikora, joateko deia egiten du. Herritik autobusez joateko aukera izango da. Autobusa 10:15ean irtengo da anbulatorio aurretik, eta joan nahi dutenek iOrkatzen edo lotura honetan eman dezakete autobuserako izena. Itzulerako autobusa 17:30ean irtengo da Iruñetik. 

XXI. mende hain nahasi honetan, gure anbizioa, bizirauteko gure gogoa eta etorkizun oparo bat eskaintzeko gure ametsa bizirik daude. Taupada hori aukera dagoen bakoitzean sumatzen da. Martxoaren 3an langile mugimenduaren memoria aldarrikatu genuenean nabaritu zen. Joan den astean ere, Martxoaren 8an, mugimendu feministak beste behin kaleak hartu zituenean antzeman genuen. Datozen asteetan, Euskal Herria alderik alde euskararen alde korrika zeharkatu bitartean hartuko gaitu zirrara horrek. Eta sentituko dugu, halaber, martxoaren 31n, Iruñean, Aberri Egunean. Aberri egun horretan,  ezkerrekoak eta subiranistak garenok herri honekiko konpromisoa berrituko dugu.

Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara. Eta ukapen eta ezabapen saiakera guztien gainetik, herri gisa ditugun eskubide nazionalak aldarrikatuko ditugu, martxoaren 31n, Iruñean. Azken hilabeteotan gure hizkuntzaren eta gure kulturaren aurkako eraso ugari jasan ditugu. Sektore desberdinetatik iritsi dira, gainera. Espainiako eta Frantziako estatuek gure izaera ukatzeko ahaleginak egiten dituzte. Baina independentistok argi daukagu gurea herria dela, nazioa garela eta gure etorkizuna erabaki nahi dugula. Horregatik, gure etorkizuna eraikitzeko lanean ari gara. Gu guztion ardura da.

Hauxe, Iruñean Aberri Egunerako prestatu dugun egitaraua: 

  • 12:00. Manifestazioa, Golem zinemetatik abiatuta.
  • 13:15. Basotxotik kale animazioaz giroturik, kalejira Alde Zaharrera.
  • Ondorengo orduetan, trikitilariak, elektrotxaranga, gaiteroak, buruhandiak, txaranga, kantuz Iruñeko Alde Zaharreko kale eta plazetan.
  • Umeen gunea Burgoen plazan. 16:00etatik aurrera, Ekain pailazoa eta jolasak.
  • 16:00. Kontzertuak Gaztelu plazan: Perlata, Xiberoots etaTrikidantz taldeak.