Azaroaren 18an Bilbon egingo den nazio mobilizazioan parte hartzera deitu du Azpeitiko EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2023ko aza. 15a, 15:19
Azaroaren 28ko mobilizaziora deitzeko kartel bat. (EH Bildu)

Azpeitiko autobusa 15:45ean irtengo da anbulatorio aurretik, eta Orkatzen edo Internet bidez eman daiteke autobuserako izena.

Euskal Herria nazioa da. Lurralde beregaina izan nahi duela aldarrikatzeko eta horretarako ibilbide demokratiko bat eskatzeko, Azpeitiko EH Bilduk dei egiten die herritarrei datorren larunbatean, azaroaren 18an, Bilbon Nazioa gara leloarekin izango den mobilizazioan parte hartzera. 17:30ean hasiko da manifestazioa Casillan eta Azpeitiko autobusa 15:45ean irtengo da anbulatorio aurretik. Orkatzen edo Interneteko lotura honetan eman daiteke autobuserako izena izena.

Eskubideak dituen nazioa gara. Gure etorkizuna geuk erabaki nahi dugu. 

Nazio solidarioa gara. Euskal nazioa aldarrikatzen dugunean, munduan dauden herri zapalduen borroka eta askatasuna ere defendatzen ditugu. Palestinarekiko elkartasunak oihartzun nabarmena izango du eta, besteak beste, FPLP eta FDLP alderdietako ordezkariak izango ditugu geure artean. 

Data seinalatuan izanen da mobilizazioa. Josu Muguruza eta Santi Brouard erail zituzten egunaren bezperatan. Estatu terrorismoak eraildako bi militanteak gogoratuko ditugu eta haien bidea jarraitzen dugula adieraziko dugu, memoria duen herria garelako. 

Eskuin muturraren harrokeriaren aurrean, harrotasunez adieraziko dugu honakoa; nazio antifaxista dela Euskal Herria. 

Herri baten doinua munduratzeko saiakera egingo dugu bertan, berezia izatea nahi dugun mobilizazioan. Txoria txori sekula egin ez den bezala kantatuko dugu. 

Zuen ahotsa ere behar dugu. Kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko!