Stock Azoka egingo dute ostiralean eta larunbatean Azpeitiko dendariek

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2023ko ira. 12a, 09:44

Azpeitiko merkatariek Stock Azokaren edizio berri bat egingo dute ostiral eta larunbat honetan, irailaren 15ean eta 16an. Ohiko pagotxez gain, kale animazioa ere izango da.

Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak antolatuta, udaberri-uda denboraldiko produktuen Stock Azoka egingo dute Azpeitiko saltokiek asteburuan. Ostiral arratsaldean eta larunbatean, goiz eta arratsalde, herriko puntu ezberdinetan stock postuak aurkitu ahal izango dira, prezio beheratuetan erosketak egiteko aukera eskainiz. 

Ostiral arratsaldean hasiko da Stock Azoka, 16:00etatik 20:00etara. Larunbatean, berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 

Guztira 40 saltoki izango dira ekintzan parte hartu eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituztenak. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da; han, hamabi postu aurkitu ahal izango dira: Aitzaki Kirolak, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga Kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Oihele, Sein Briko, Ubbo eta Urbistondo. 

Horiez gain, beste 28 postu aurkitu ahal izango dira herrian zehar, horietatik 26 bakoitza bere saltoki aurrean kokaturik: Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arku, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Furundarena, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Koket, Kotoi, Mendata, Mina mertzeria, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Ufito, Zume eta Zuri Beltz. 

Amaitzeko, bi postu, Kids&Us eta Ohana Barefoot, plazan kokatuko dira larunbatean. Gainera, Kids&Us-ek haurrentzako jolasak eskainiko ditu larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. 8 hilabetetik 6 urte bitarteko haurrentzako tailerrak izango dira eta zenbaitetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Informazioa eta izen emateak, hemen.

Stockaren barruan, Azpeitiko Juan Antxieta musika eskolaren emanaldia ere izango da ostiralean, 19:00etan, plazan. Aurrez, musika eskolakoek kalejira egingo dute Stock Azokako postuen kokaguneetatik.

Gainera, beste hainbat dinamizazio ekintza egingo dira, hala nola, Berti maskota ibiliko da kaleetan zehar, eta zumba erakustaldi ibiltaria izango da larunbatean, 18:00etatik aurrera. Hori gutxi balitz, zozketak ere ez dira faltako. Izan ere, Stock Azokan erosketak egiten dituztenen artean 100 euroko sei erosketa bonu zozkatuko dira. 

Beste urte batez, Stock Azokak Azpeitiko saltokien deskonturik onenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du.