Tokiko ekonomia sustatzeko Azpeitia Zaindu bonuak, inoiz baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2023ko mai. 11a, 08:42

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonuak aterako dituzte, beste behin. Bonu kopurua areagotu egin da, herritar gehiagorengana iristeko eta sektoreari bultzada nabarmenagoa emateko.

Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz deitu du, berriro ere, Azpeitia Zaindu bonuen kanpaina.

50 euroko balioa izango duten 4.000 bonu aterako dira, aurreko kanpainetan ateratakoen bikoitza, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Maiatzaren 15ean, astelehena, hasiko dira bonuak saltzen; pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta 2023ko irailaren 14ra arte erabili ahal izango dira bonuak kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Azpeitiko Udalaren eta Bertan merkatari elkartearen artean antolaturiko egitasmoa da. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertaneko kide direnak. Horrenbestez, eegitasmoan parte hartu nahi duten establezimenduek merkatari elkartearekin kontaktuan jarriz egin ahal izango dute, bihar ostirala, maiatzak 12, eguerdiko 12:00ak baino lehen.

Azken kanpainetan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2005ean jaiotakoei) 15 euroko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen horren bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktuak eta bertako saltokietan kontsumitu ditzaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Onuradunek gutun jasoko dute etxean honen inguruko informazio guztia.

Guztira, udalak 60.000 euro bideratuko ditu bonu kanpaina honetara, eta herritarren ekarpenekin batera, ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du kanpainak herriko merkataritzan.

Kanpainaren aurkezpen argazkiak elkartu ditu udal ordezkariak eta merkatariak. Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, "merkataritza txikiaren aldeko apustu sendoa" egin du beste behin Azpeitiko Udalak: "Merkararitza txikiarentzat ez dira une errazak, eta herriko ekonomia sustatzeko eta Azpeitiaren alde egiteko helburuz sortu genituen bonu kanpaina hauek, Bertanekin elkarlanean. Urtez urte, duten eraginaren balorazio positiboa egiten dugu; eta aurtengoan, gehiagorengana iristeko helburuz, indartu egin dugu". 

Bertan elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute. "Inoizko bonu kanpainarik handiena izango da honakoa, eta saltokietan bultzada garrantzitsua izatea espero dugu". Aldi berean, adierazi dute "herritarrentzat ere aurreko kanpainetan baino errazagoa" izango dela bonuak eskuratzea, "kopuru bikoitza" aterako delako. "Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin, eta horretarako erraztasuna eskaini nahi dituzte bonuek", gaineratu dute.

Kanpainaren xehetasunak

Aipatu bezala, Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke Azpeitia Zaindu kanpainara. Aurrez bonu kanpainan parte hartu izan duten establezimenduak automatikoki parte hartzaile gisa hartuko dira oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, berriz, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera orria bete maiatzaren 12ko eguerdia baino lehen, 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta. edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestaturiko kartela jasoko dute, establezimenduetan ikusteko moduan izan dezaten.

4.000 bonu jaulkiko dira, horietako 149 aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrei oparituko zaizkie, eta gainontzekoak salgai jarriko dira. Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta egitasmoari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez.

Bonu bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu.

16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonuak, eta pertsonako bi bonu eros ahal izango dira gehienez.

Erosketa berean gehienez lau bonu –20 txartel– pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu, eta bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.

Datorren astelehenean, maiatzaren 15ean jarriko dituzte bonuak salgai, eta 2023ko irailaren 14ra arteko balioa izango dute.

Herritarrek aurrez aurre –Azpeitiko Azoka Plazan, 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:30era– zein online –www.azpeitiazaindu.eus  webgunean, goizeko 09:30etik aurrera– erosi ahalko dituzte bonuak. Aurrez aurre, salgai jartzen diren bonuen %70 goizean eskainiko dira, eta bonuen %30 arratsaldean saltzeko gordeko dira.