Martxan da tokiko ekonomia sustatzeko Azpeitia Zaindu bonu kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2022ko mai. 12a, 09:49

Udalak eta Bertanek herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonuak aterako dituzte beste behin. Sektore horiei bultzada ematea eta herritarrei tokiko saltokien ekonomia sustatzeko pizgarria eskaintzea ditu helburu ekimenak. Datorren astelehenean, maiatzak 16, jarriko dituzte saltzen bonuak, aurrez aurre zein online.

Pandemia atzean uzten ari garen honetan, bizi ohiturak berreskuratzeko unea da. Dena den, neurriz kanpoko inflazioak eros ahalmena mugatu du, kontsumoaren errekuperazioa motelduz.  Horren aurrean, Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz deitu dute Azpeitia Zaindu bonuen deialdi berria.

50 euroko balioa izango duten 1.835 bono aterako dira, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Datorren astelehenean, maiatzak 16, hasiko dira bonuak saltzen; pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta uztailaren 30era bitartean erabili ahal izango dira horiek kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Azpeitiko Udalaren eta Bertan Azpeitiko merkatarien elkartearen artean antolaturiko ekimena da Azpeitia Zaindu. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertaneko kide direnak. Horrenbestez, ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek merkatarien elkartearekin harremanetan jarri beharko dute bihar, ostirala, 12:00ak baino lehen.

Dena den, berrikuntza bat izango da bonu kanpaina honetan. Aurten, 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei hamabost euroko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen horren bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako saltokietan kontsumitu dezaten, eta, horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Gutun bidez etxean jasoko dute onuradunek egitasmo horren inguruko informazio guztia.

Udalak, guztira, 30.000 euro bideratuko ditu bonu kanpaina honetara, eta herritarren ekarpenekin batera, ia 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan. Kanpainaren aurkezpen argazkiak elkartu ditu udal ordezkariak eta merkatariak. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen hitzetan, "garai zailak" dira bai merkatarientzat, baita herritarrentzat ere: "Momentu ezegonkorrak bizi ditugu bai herritarrek, baita sektore ekonomikoek ere, bereziki txikienek. Horregatik, beste behin, herriko ekonomia sustatzeko erosketak herrian bertan egitea bultzatu nahi dugu. Hala, tokiko ekonomiaren alde egiteko", gaineratu du.

Sonia Gomez eta Mailu Arrieta Bertan elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute. "Bertako ekonomia bultzatu behar dugu, hemen erosi hemengoa indartzeko. Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin". Aldi berean, honakoa adierazi dute: "Pandemia neurri handi batean gainditu dela dirudi, eta disfrutatzeko garaia da. Azken urte gogor hauetan barneratutako laguntasun eta elkartasun baloreak bideratu ditzagun herria eta bertako saltokiak indartzera".

Kanpainaren xehetasunak

Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke Azpeitia Zaindu kanpainara. Horretarako, aurrez bonu kanpainan parte hartu izan duten establezimenduak automatikoki parte-hartzaile moduan hartuko dira oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete bihar, ostirala, 12:00ak baino lehen. Parte-hartzeko 943-02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deitu edota bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute. Kanpainara batzen diren saltokiek Azpeitia Zaindu kanpainarako prestaturiko kartela jasoko dute, establezimenduetan ikusteko moduan izan dezaten.

50 euroko balioa duten 1.835 bonu jaulkiko dira. Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu; 16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonuak.

Bonu bakoitzak hamar euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira; hamar euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu.

Erosketa berean gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez inolaz ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.

Datorren astelehenean, maiatzak 16, jarriko dituzte bonuak salgai, eta uztailaren 30era arteko balioa izango dute. Herritarrek aurrez aurre —Azpeitiko Azoka Plazan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara— zein onlinehonako lotura honetan— erosi ahalko dituzte bonuak.