Gabonetako X. Erakusleiho Lehiaketa deitu dute udalak eta Bertanek

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2021ko abe. 1a, 09:29
Iaz Zuri-Beltz saltokiak irabazi zuen leihaketa.

Lehiaketan parte hartu nahi duten saltokiek abenduaren 9rako eman beharko dute izena, eta Bertanek eta Azpeitiko Udalak hilaren 29an jakinaraziko dituzte sariak eskuratu dituzten saltokien izenak. Erakusleiho onenaren saria eskuratzen duen saltokiak 600 euro jasoko ditu.

Azken hamar urteetan egin bezala, aurten ere saltokietako erakusleiho lehiaketa antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak. Saltokiei zuzendutako lehiaketaren bidez, Gabonekin loturiko erakusleiho-dekorazio onenak sarituko dira aurtengoan ere.

Lehiaketan parte hartu nahi duten saltokiek abenduaren 9rako (egun hori barne) eman beharko dute izena Bertan merkatari elkarteko telefonora –943 02 56 73 edo 688 82 39 44– deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbidera mezu bat idatzita. Azpeitiko saltoki guztiek dute parte hartzeko aukera, merkatari elkarteko kide izan edo ez.

Abenduaren 9rako egon beharko dute erakusleihoek prest, eta abenduaren 29an jakinaraziko da zeintzuk diren aurtengo irabazleak. Erakusleiho onenaren saria eskuratzen duen saltokiak 600 euro jasoko ditu; bigarren saria jasotzen duenak, berriz, 400 euro; eta hirugarren saridunak 200 euro.

Gainera, herritarren saria ere izango da. Sari hori Bertan elkartearen Facebook-eko orriaren bidez erabakiko da –@azpeitinbertan–. Erakusleiho parte-hartzaile guztien argazkiak argitaratuko ditu elkarteak, eta 'atsegin dut' gehien lortzen dituen erakusleihoak 200 euroko saria jasoko du. 'Atsegin dut' ematen duten herritarren artean, berriz, ehun euroko erosketa bonua zozkatuko da.

Lehiaketaren oinarriak Bertan merkatari elkartearen webgunean izango dira ikusgai.