Azpeitiko dendariek Stock Azoka egingo dute ostiralean eta larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2021ko ira. 7a, 16:12

Azpeitiko merkatariek Stock Azokaren edizio berri bat egingo dute ostiral eta larunbat honetan, irailaren 10ean eta 11n. Bigarren urtez jarraian pandemiak baldintzatuko azoka izango den arren, eskaintza bikaina egongo dela ziurtatu dute antolatzaileek.

Beste behin, eta tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin, Bertanek, Azpeitiko merkatarien elkarteak, Stock Azoka antolatu du. Horrela, ostiral arratsaldean eta larunbatean, herriko puntu ezberdinetan stock postuak aurkitu ahal izango dira, prezio beheratuetan erosketak egiteko aukera eskainiz.

Guztira 43 saltoki izango dira ekintzan parte hartu eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituztenak. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, han 11 postu aurkitu ahal izango dira: Aitzaki Kirolak, Arku, Bask, Euskadi Sport, Ilargi, Kids&Us, Larrañaga Kirolak, Luix Beltza, Martina Isasti, Mugi Kirolak eta Nerea Eskulanak.

Horiez gain, beste 32 postu aurkitu ahal izango dira, bakoitza bere saltoki aurrean kokaturik. Agirre oparidenda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Azkue, Babesa moda, Biur, Bossi, Despentsa Naturala, Disdira, Edurne oinetakoak, Esnaola, Frida, Furundarena, GEU, Inar optika, Iosu optika, Jostaldi Kirolak, Kaïoa, Kids&Us, Koket, Kotoi, Mina mertzeria, NKN, Ordulari, Ostadar optika, Romaes, UBBO, Ufito, Valverde, Zume eta Zuri-Beltz.

Aurtengoa, bigarren urtez jarraian, osasun larrialdi egoerak baldintzaturiko Stock Azoka izango da. Zentzu horretan, Bertan merkatari elkarteak dagozkion osasun neurriak ezarriko ditu azokaren garapenean. Azoka Plazara sartzeko aforoa kontrolatuko da, gehienezko pertsona kopurua mugatuz, eta postuen zein pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatuko da une oro, bai Azoka Plazan zein denden kanpoaldetako postuetan. Aldi berean, gel hidroalkoholikoen erabilera eskatuko da eta ukituak izan diren produktu guztiak desinfektatu egingo dira berriro bezeroei eskuragarri jarri baino lehen.

Ostiral arratsaldean hasiko da Stock Azoka, 16:00etatik 20:00etara. Larunbatean, berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Ekimenaren barruan, Berti, Bertan elkartearen maskota, herriko kaleetan zehar ibiliko da ekimenaren berri emateko eta berau girotzeko. Aldi berean, 1 eta 3 urte arteko haurrei zuzenduriko ingelesezko antzerkia eskainiko du Kids&Us akademiak. Haurtxoentzako istorio dibertigarria eta adierazkorrak kontatuko dira saioetan, modu dinamikoan eta ulerterrazean. 30 minutuko hiru emanaldi izango dira, ostiralean, irailak 10, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan Kids&Us akademian. Aforoa mugatua izanik, gonbidapenak lortu beharko dira https://entradium.com/events/babies-storytime-where-do-you-live helbidean.

Stock Azoka honek Azpeitiko saltokien deskonturik onenak aprobetxatzeko eta pandemiaren eraginez hain kaltetua izan den merkataritza txikiari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du.