Bueltan da Prezio Justua lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2020ko urr. 5a, 15:44

Bertan, Zestoan eta Herrixen merkatarien elkarteek bat egin eta telebistako El precio justo lehiaketa mitikoa antolatu dute. Herri bakoitzean produktu ezberdinez beteriko erakusleihoa osatu dute, eta horietako bakoitzaren prezioa asmatzen duenak edo balioa pasatu gabe preziora gehien gerturatzen denak saria oso-osorik eramango du etxera. Erakusleiho zoragarri horietan, besteak beste, honako produktu hauek aurki daitezke: telebista eder bat, elikagai otarreak, teknologia artikuluak eta abar. 

Une gogor hauetan herriko merkataritza dinamizatzeko eta saltoki desberdinetan topa daitezkeen produktuen erakusteko, guztiontzat ezaguna den Prezio Justua lehiaketa abian jarriko dute hiru herrietan. Azpeitia eta Azkoitian asmatu beharreko prezioa herri bakoitzeko Rural Kutxaren bulegoko erakusleihoan ikusgai dauden produktuena izango da; eta, aldiz, Zestoan, Lajaiko Uzkudunen lokalean aurkitzen diren produktuena. 

Lehiaketan parte hartzea oso erraza da. Urriaren 5etik 25era bitartean, dendariek kodedun boletoak banatuko dituzte herriko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroen artean. Boletoetan agertzen diren pausoak jarraituz jokoan parte hartzeko aukera dute erosleek.

Honako hauek dira pausoak:

  • Sartu www.preziojustua.eus atarian.
  • Aukeratu herria.
  • Sartu zure datuak eta boletoan agertzen den kodea
  • Bota zure prezioa.
Oso garrantsitsua da parte hartzeko erabili den kodedun boletoa ongi gordetzea. Urriaren amaieran jakinaraziko dira irabazleen izen-abizenak, eta, horrekin batera, erakusleihoen balio zehatzak. Zorte on, parte hartzaile guztioi!