Stock Azokaren balorazio positiboa egin dute Bertanek eta udalak

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2020ko ira. 14a, 14:38
Ezkerretik eskubira, Bertaneko teknikari Lore Garciarena, Agustin Lizarralde zinegotzia eta Bertaneko batzordekide Marisa Garcia. (Bertan)

Egoerak hala behartuta, hainbat neurri hartu behar izan dira aurten Stock Azoka antolatzerakoan, besteak beste, Azoka Plazan gehienezko bezero kopurua mugatzea eta postuen zein pertsonen arteko segurtasun distantzia ziurtatzea.  Azoka igarota, balorazio positiboa egin dute Azpeitiko Udalak eta Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak.

Beste hainbat ekitaldi bezala, Stock Azoka ere ezberdina izan da aurtengoan. COVID-19aren mehatxuaren aurrean, hainbat aldaketa egin behar izan dira, herritarren eta dendarien osasuna  bermatzeko helburuarekin.

Egoera berri honetan, saltokiek izan duten inplikazioa oso modu positiboan baloratu da. Merkatari askok euren denden aurrean jarri dute postua, Azoka Plazan postu gutxiago ezarriz eta, beraz, espazio eta distantzia handiagoak sortuz azokaren banaketan.

Arriskuak saihesteko neurri gehigarri moduan, jende metaketak sor zitzaketeen dinamizazio ekintzak ez egitea erabaki zen. Horren ordez, pizgarri moduan, hiru erosketa bonuren zozketa gauzatu da azokara gerturatu diren bezeroen artean. Gaur ezagutu dira hiru saridunak: Azoka Plazako postu batean erosketa egiteagatik, Maje Rezola; Zume arropa dendan erosketa egiteagatik, Ainhoa; eta Jostaldi Kirolak dendan erosketa egiteagatik, Maite Araujo.

Salerosketei dagokienez ere balorazio positiboa egin dute, oro har, dendariek. Azken urteetan bezala, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza, bereziki, izan ziren erosketa une garrantzitsuenak. Edonola ere, jendearen joan-etorria kontrolatua baina etengabea izan zen Stock Azokak zirauen bitartean, eta eguraldia lagun, orokorrean jendea hurbildu dela azpimarratu daiteke, beti ere segurtasun neurriak errespetatuz.

Guztiaren gainetik, aipatzekoa eta eskertzekoa da herritarrek agertu duten jarrera. Momentu oro segurtasun neurriak ulertu eta errespetatu dituzte, azokaren garapena erraztuz. Horregatik, Bertan merkatari elkarteak eta Azpeitiko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete Stock Azokara hurbildu diren guztiei.