Urtarrilaren 28an Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioen harira, hilaren 24an eskuorriak banatzen ibili da Azpeitiko GKS

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko GKS 2022ko abe. 27a, 11:18

Urtarrilaren 28an Bilbon eta Iruñean manifestazioak egingo dira, "Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!" lemapean. Honen harira, Azpeitiko GKS eskuorriak banatzen jardun zen abenduaren 24ko arratsaldean.

Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara, baina ez ditugu guztiok modu berean sufritzen honen ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira testuinguru honetan, eta hau, enpresari handien eta agintarien erasoaldia da. Horien diru goseak prekarietatera kondenatzen gaituzte, beraien irabaziak handituz eta langileon bizi baldintzak okertuz. Honen adierazle dira langabezia, ordaindu gabeko lan orduak, soldata baxuak, aldizkako lanak, bizi bitartekoen garestitzea, zerbitzu publikoen murrizketa...

Bestalde, gazte obediente eta pasibo bezala nahi gaituzte, langabeziara eta prekarietatera ohituak, enpresarien abusuak normalizatuak dituena, pasibotasun politikoan heziak, jazarpen polizialera ohituak, besteak beste. Horrela, eskubideen ezabapena eta autoritarismoa hedatzen ari dira, kontrol soziala areagotuz, jazarpen poliziala erabiliz eta kode penala gogortuz.

Honen aurrean, politikari profesionalak erasoaldi honen parte dira, politika parlamentarioa oligarkiaren menpekoa delako eta gainera onuradunak direlako. Horregatik, politikari profesionalen influentziatik kanpo antolatu behar gara, langileriaren artean sozialismoaren proiektua hedatuz eta antolakuntzarako erremintak sortuz. Beraz, enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean mobilizatu behar gara eta bide honetan urtarrilaren 28an Bilbon gauzatuko den manifestaziora joateko gonbita luzatzeko Azpeitiko GKS eskuorriak banatzen ibili zen abenduaren 24ko arratsaldean.