Jende ugari bildu da Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa azaltzeko aurkezpenean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko GKS 2022ko urr. 15a, 20:10

Ostiralean, urriak 14, jende ugari bildu zen Azpeitiko Gaztetxean Urola Erdiko GKSk antolatutako aurkezpenean. Bertan, gazte langileon analisi bat egin eta honi aurre egiteko Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa azaldu zen.

Urola Erdiko GKSk Gazte Langileiontzako Proposamen Politikoa azaldu zuen joan den ostiralean Azpeitiko Gaztetxean. Aurkezpen honetan, batetik, gazte langileok bizi dugun testuinguruaren analisia egin zen, honen ezaugarriak eta berezitasunak azalduz. Testuinguruaren analisia egiteko, lehenengo, egiturazko langabezia eta bizi ereduaren pobretzea aipatu ziren, besteak beste, langabezia eta aldizkako lanak, inflazioa, zerbitzu publikoen murrizketak, garraioan ditugun arazoak, emantzipatzeko ezintasuna... Honela, familiarekiko dugun mendekotasuna azaleratuz. Bigarrenik, gazteok jasaten dugun interbentzio kulturalean sakondu zen, kultur industriak sortzen dituen arazoak (indarkeria matxista eta hipersexualizazioa, despolitizazioa, pobreziaren normalizazioa...) eta hezkuntza sisteman ematen ari diren erreformen bitartez lortzen den eduki hustuketa eta gazteen diztiplinazioa azalduz. Hirugarrenik, autoritarismoaren gorakada eta eskubideen ezabapen sistematikoa azaldu zen eta honen normalizazioaren arriskua azaleratu. 

Bestetik, testuinguru honek azaltzen dituen arazoei aurre egiteko beharrezkoa den Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa aurkeztu zen. Honela, bost auzi nagusi identifikatu eta auzi horiei hamabi aldarrikapen kontrajarri zitzaizkion. Gazte lan merkatuaren auzian, guztiontzat lan baldintza berdinak eta gazteon lan baldintza prekarioekin amaitzeko aldarrikapenak egin ziren. Bizi-ereduaren pobretzearen auzian berriz, oinarrizko bizi bitartekoak bermatzea, denbora librerako eta norberaren garapen askerako baldintzak sortzea eta ingurugiroaren suntsipena borrokatzea aldarrikatu ziren.

Hirugarren auziari dagokionez, gazteoi bideratutako kultur-industriaren auziari, indarkeria matxistari, pobreziaren normalizazioari eta despolitizazioari aurre egiteko beharra azpimarratu zen. Hezkuntza sistemaren auziari dagokionez, enpresarien interesetara dagoen hezkuntzarekin amaitzea eta eduki hustuketa eta autoritarismoa borrokatzea aldarrikatu ziren. Azkenik, autoritarismoaren eta eskubide kolektiboen auzian, gazte langileon aurkako kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitzearen eta eskubide politikoak borrokatzearen aldeko aldarrikapenak egin ziren.

Bukatzeko, gaur Zestoako Alondero aretoan gauzatu da aurkezpena, goizeko 11:00etan hasita.