GKSk eta Gaztetxeak kontrol sozialaren kontrako kanpaina jarri dute martxan elkarlanean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko GKS 2021ko ots. 2a, 11:36

Azpeitiko GKSk eta Azpeitiko Gaztetxeak elkarlanean, azken hilabeteetan areagotu den kontrol sozialaren gaineko gure irakurketa politikoa kaleratzeko asmoz, kanpaina politiko berria jarri dugu martxan Haien kontrola gure pobrezia: kontrol burgesari antolakuntza komunista lelopean. Alderdi politikoen zein masa komunikabideen kolaborazioaren aurrean, guztiz beharrezkoa zaigu kontrolaren igoera dakarten benetako arrazoi ekonomiko eta politikoak seinalatzea.

Azken hilabeteetan, biztanleriaren gaineko kontrola nabarmen igo da. Horren adibide dira polizia indarren presentzia gero eta itogarriagoa zein kontrolerako funtzioa betetzen duten teknologia anitzen garapena, besteak beste. Gorakada hori ausazkoa izatetik urrun, krisi kapitalistaren baitan ulertu behar dugu. Kontrol sozialak, berez, kapitalaren dinamika orokorraren zaindari izateko funtzioa du, hau da,  gizarte burgesaren praktika  naturala da. COVID-19ak biziagotu duen krisi kapitalistaren testuinguruan, berau areagotu egin da, sistema mehatxatu dezaketen anomaliak ugaritu egin baitira.Izan ere, krisiak gizartearen gehiengoaren bizi baldintzen kaskartzea dakar, eta horrek, aldi berean, praktika anomaloetara eraman dezake egoera txarrenean bizi den geruza-soziala: proletargoa.

Halaber, COVID-19aren testuinguruaren baitan, “jarrera desegoki” modura izendatu daitezkeenak areagotu egin dira. Are, pandemia egotearen ardura ‘jarrera desegoki’ hauei leporatu izan zaio, horiek zigortzea eta jazartzea eguneroko ogia bilakatuz. Pandemia egotearen ardura inbertsio handien jabe ez den jendartearen zati handiari egotzi zaio, ekoizpen bitartekoen jabe ez den jendartearen zati horri, pandemia egoera honetatik ateratzeko baliabiderik ez duen jendeartearen zati handienari, finean. Izan ere, argiki ikusten da pandemiari eman nahi izan dioten aterabide bakarra aterabide poliziala izan dela; lehendik kriminalizatutako sektore proletarioenak, gazte langileria kasu, oraindik eta gehiago kriminalizatuz eta oraindik eta gehiago jazarriz. Helburua, hau: datorren gizarte eredu totalitariora ohituko den jendarte sumiso eta diziplinatua heztea. 

Modu horretara uler daitezke klase kapitalistak jendarte osoa modu eraginkorrago batean kontrolatu dezan egiten ari diren inbertsioak eta aldaketak. Inbertsioei dagokienez, klase kapitalistarentzat teknologian inbertitzea akumulazio gaitasunak berpizteko modua izateaz gain, jendartea gero eta modu efizienteago batean kontrolatzeko modua ere bada. Kasu horietako bat da, besteak beste, datu-baseena; izan ere, alde batetik, merkatuaren interesak betetzen ditu, eta, bestetik, kontrolerako papera jokatzen du, erabiltzaileen datuak gobernuen eta segurtasun agentzien eskura jarriz. Aldaketei dagokienez, une honetan gauzatzen ari diren aldaketak egoera koiuntural batetik urrun daudela uste dugu, izan ere, gelditzeko datorren gizarte eredu totalitario baten lehen zantzuak direla uste dugu, eta pandemiari ematen ari zaion aterabide poliziala horren adibide soil bat da. Aterabide poliziala diogu, izan ere, birusaren desagerpenerako hartu diren neurriek jendartearen eskubide eta askatasunak bertan behera lagatzea  izan dute jomuga, eta osasungintza ikuspegi soil batetik pandemia gainditzeko zentzurik ez duten neurriak ezarri eta exekutatu dituzte. Horrez gain, azpimarragarria da nola handitu den poliziaren inpunitatea haiek giza, ahalmen eta baliabide materialez hornitzen zituzten bitartean. 

Argi daukagu kontrol sozialaren funtzioa jendartearen gehiengoa pobretuta mantentzea dela, eta hori gainditzeko aterabide bakarra antolakuntza komunista dela. Horregatik, gaurtik aurrera, tresna diskurtsibo zein praktikoak martxan jarriko ditugu, basakeria kapitalistaren eta kontrolaren gizartearen inguruko gaiak landuz.