Osasunaren eta askatasun kolektiboen aurkako neurriak bertan behera uztea exijitzeko, kalera

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko GKS 2020ko aza. 23a, 14:33

Azken asteburuetan egin bezala, joan den larunbatean ere 160tik gora herritar kalera atera ginen pandemiaren harira ezarri dizkiguten salbuespen politikak salatzeko eta bertan behera utz ditzatela exijitzeko. Izan ere, aplikatzen ari diren neurriek jendartearen osasunari erantzun beharrean, burgesiaren interes partikularrei erantzuten diete.

Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu! lelopean herritar ugarik kaleak hartu genituen pasa den larunbatean. Gure aldarriak hiru izan ziren:

  • ·       Neurri diziplinario eta polizialak indargabetzea eta eskubide zibil eta politikoak bermatzea.
  • ·       Osasun baliabide sozialak indartzea.
  • ·       Langileriaren antolakuntza komunista hedatzea.

Gogor salatu genuen, batetik, egun estatu poliziala pandemiari aurre egiteko neurri eraginkor eta nahitaezko bezala mozorratzen dutela, horrela, osasun-sistema unibertsal eta indartsu baten eraikuntzaren beharra ezkutatuz, eta bestetik, polizia estatuak sortu duen salbuespen egoera aprobetxatuz korporazio finantzario handien mesederako aldaketa estrategikoak egiten dabiltzala.

Amaitzeko, adierazi genuen ezarri duten gizarte eredu sozial berria totalitarismoan oinarritutako gizarte eredua dela, eta hor, boteredunek dutela ehuneko ehunean gizartearen gaineko erabaki guztiak hartzeko eskumena, hau da, boterearen arbitrariotasunaren erregimena. Horren aurrean, guk argiki adierazi genuen masa zabalen antolakuntza komunista izango dela gure segurtasunaren, askatasun politikoaren eta ongizatearen berme erreal bakarra eta norabide horretan lanean jarraituko dugula.