Estaturik gabeko Europako nazioen mapa aurkeztu du Naziogintza Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Naziogintza Taldea 2021ko ots. 16a, 17:27

Mapak bertan agertzen diren hamazazpi nazioen ezaugarri batzuk ere jasotzen ditu: izena euskaraz eta tokian tokiko hizkuntzan, bandera, biztanleria eta bertako hizkuntzaren hiztunen kopurua.

Naziogintza Taldeko Josu Alberok, Edurne Alegriak eta Luken Etxabek estaturik gabeko Europako nazioen mapa aurkeztu dute gaur, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.

Estaturik gabeko Europako nazioen mapa, Asier Sarasua Garmendiak egindakoa, Europan orain arte egin diren antzeko mapekin alderatuta ikuspegi guztiz berria duen mapa da. Bi izan dira Euskal Herrian azken 30 urteotan egin diren Europako Herrien mapak: Europa, etnia eta Herriak, Josu Tellabiderena (1990ean), 123 nazio eta beren datu esanguratsuenak biltzen dituena: eta Herrien Europa deitutakoa, Herrien Europa Institutuarena, 124 nazio dituena. Aipatzekoak dira, halaber, Europako nazionalitateen ikerketan aitzindaria den CIEMEN Kataluniako Institutuaren mapa klasikoak, eta gai horretan aditua den Mikael  Bodiore-Penlaez bretoiak egindakoa, Europako Nazioak, euskarazko bertsioa duena.

Naziogintza Taldearen sorrerako helburuetako bat da Europako estaturik gabeko beste nazio batzuekin harremanak sustatzea eta euskal publikoari horien berri ematea, eta ez du mapa berri honen bidez aurrekoen antzeko beste bat egin nahi izan. Aitzitik, ekarpen askoz originalagoa egin nahi izan du; horregatik, estatuei protagonismoa kendu eta Europako estaturik gabeko nazioei eman die; Europako mapa konbentzionaletan agertzen ez diren nazioei: euskal, katalan, eskoziar, korsikar edo flandriar nazioei, besteak beste. Estatuak aipatuak izan dira mapan soilik estaturik gabeko nazioak beren baitan biltzen dituztenean, nazio horiek politikoki kokatzeko.

Esan daiteke, beraz, ezaugarri horiek dituen Europan egindako lehenengo mapetako bat dela, eta horrek bereizten du goian aipatutako mapetatik. Mapak bertan agertzen diren 17 nazioen ezaugarri batzuk ere jasotzen ditu: izena euskaraz eta tokian tokiko hizkuntzan, bandera, biztanleria eta bertako hizkuntzaren hiztunen kopurua.

Ez da beti erraza nazio bat definitzea. Eta begi-bistakoa da kontzientzia nazional sendoa izan ez arren, nortasun handiko herriak ere badaudela Europan. Horregatik, horietako bederatzi txertatu ditugu mapan, "sortzen ari diren nazioak", gure ustez ikusgai izan behar dutenak horrelako ezaugarriak dituen mapa batean.

Espero dugu mapa hau erakargarria izatea, ez soilik Europako nazionalitateetan interesa duten euskal herritarrentzat, baizik baita mapan agertzen diren nazioetako herritarrentzat ere eta, azken batean, publiko orokorrarentzat.

Naziogintza Taldearen webgunean eta Berria Dendan eros daiteke mapa berria.