Corrugadosen jarduera berriz hasteko oztopo gaindiezinak daudela frogatzen duen txostena eskatzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2021ko api. 18a, 08:05
Corrugadosen Azpeitiko lantegia.

EAJren udal taldearentzat guztiz bideragarria da Amuen jarduera industriala berriro hastea.

Azpeitiko Udal Gobernuak Corrugadosen plantari dagokionez ezer egin ez duenez, EAJren udal taldeak premiazkotzat jo du Udalbatzaren iritzia.

Bi hilabete igaro dira enpresa udalarekin bildu zenetik, eta hilabete Nagore Alkorta alkateari idazki bat bidali zionetik. Idazki horretan, lantegiaren jarduerari berriro ekiteko interesa agertu zuen. Denbora horretan guztian —gure udal taldeak behin eta berriz eskatu arren—, proposamen horri ez zaio heldu udaleko osoko bilkuran, eta udal batzordeetan ere ez da landu.

Testuinguru horretan, EAJren ustez, horrelako aukera bat ezin da pasatzen utzi gobernatzen duen koalizioaren baldintzapen politiko hutsetan oinarrituta.

Proposamenaren berri izan zuenetik, Eusko Alderdi Jeltzaleak adierazi eta berretsi egin du Corrugadosen jarduera industrial eta ekonomikoaren berrabiaraztea bideragarri eta eraginkor egiteko borondate politikoa; izan ere, ziur dago Azpeitiak industrian oinarritutako ekonomia hori berreskuratu behar duela, hori izan baita bere bereizgarria. Corrugados berriro irekitzeko proiektuak helburu hori lortzen lagunduko du; izan ere, zuzeneko 150 lanpostu eta zeharkako 250 lanpostu sortzea ekar dezake, baita 50 milioi euroko inbertsioa sortzea ere, eskualdea biziberritzeko.

Horregatik guztiagatik, EAJren udal taldeak mozio bat aurkeztuko du, Azpeitiko alkatetzaren jarrera oinarritzen duten txosten juridiko eta urbanistikoak udal taldeei bidaltzeko. Mozioak, halaber, txosten horiek egin ez badira, berehala idazteko eskatuko du, proiektua, indarrean dagoen hirigintza araudiarekin bat datorren baloratu ahal izateko, dagozkion eskakizunak bete ondoren, edo, hala badagokio, Corrugadosen jarduera berreskuratzea ahalbidetzeko izapidetu beharko liratekeen aldaketak adieraz ditzaten. Azkenik, ekimenak proposatuko du, txostenetako ondorioekin bat etorriz eta gainerako erakundeekin koordinatuta, Amue eremuan industria jarduerari berrekitea, baina horrek ez du esan nahi Azpeitiko udalak jarduera Trukutxora eramateko duen helburuari uko egingo zaionik, egoerak ahalbidetzen duenean.

Herrien bizitzan, pertsonen bizitzan bezala, erronken aurrean, erabakiak hartu behar dira. Horregatik guztiagatik, ulertezina da gobernu taldearen ekintza eza; eta EAJk bere esku dagoen guztia egingo du funtzioen utzikeria hori konpontzeko eta Azpeitirako funtsezkoa iruditzen zaion proiektu hau errealitate bihurtzeko.