Corrugados berriro irekitzeko lan batzorde bat martxan jartzea eskatzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2021ko mai. 2a, 12:30

Aste honetako osoko bilkura egin ondoren, eta alkateak azken unean aurkeztu zuen txostena aztertu ondoren, EAJk udaletxean lan batzorde bat abiaraztea eskatuko du, jendaurrean, modu irekian.

Galdera askok jarraitzen dute erantzunik gabe, eta alkateak aurkeztutako txostenak ez die erantzunik ematen bi gai nagusiei:

  • Plan Orokorraren zer xedapen zehatzek eragozten du Corrugados berriro irekitzea.
  • Eta, edonola ere, zein izango lirateke hori posible egiteko beharrezkoak diren hirigintza araudiaren aldaketak.

Hori dela eta, gogorarazten dugu martxoaren 17an hirigintzako txosten bat aurkeztu genuela udaletxean, jarduera berriro hastea bideragarria zela iritzita. Txosten horrek legezko eta baliozko irtenbide bat proposatzen du, HAPOn bertan oinarritua. Irtenbide hori hirigintzako hainbat profesionalekin kontrastatu da, bai juridikoekin, bai teknikariekin.

EAJkook, abian jar litezkeen beste jarduera batzuekin koordinatuta, berriro adierazten dugu prest gaudela udalari laguntzeko –beharrezkotzat jotzen diren heinean– indarrean dagoen udal plangintza eta lurralde antolamendua aldatzeko behar diren izapideekin: epeen kontua da.

Joan den asteartean ikusi ahal izan genuen, alkateak informazio gehiago ezkutatzen ez badu behintzat, ez duela aurkeztu zen irtenbidea bideraezina edo legez kanpokoa dela dioen txostenik, ez-eta berrirekiera ahalbidetzeko planeamendua egokitzeko egin beharreko urratsak eta epeak aztertzen dituen txostenik ere.

Horregatik guztiagatik, EAJk beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du lantalde bat eratzea, teknikari, legelari eta alderdi politikoetako eta beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera, Corrugadosen jarduera berriro irekitzeko egin beharreko urratsak erabakitzeko.

Amaia Etxeberriak, gure udal taldearen bozeramaileak, datorren astean aurkeztuko du osoko bilkura berezia egiteko eskaera, ekimen hau martxan jartzeko eta alkateari gai zehatz honen inguruan jarrera politiko argia eskatzeko: Corrugados ireki nahi du ala ez?