Koronabirusa Azpeitian

Ostalarientzat laguntza onena, egoera normalizatzea da

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2021ko ots. 6a, 08:07

Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu ezarrita dauden neurriak zorrotz betetzea.

COVID-19a gogorregi astintzen ari da gure herria azkenaldi honetan. Egoera kontrolik gabe dago, eta momentu honetan, ondorioak gehien pairatzen dituztenen artean ostalariak ditugu. Horiei, gure babesa eta laguntza eskaini nahi dizkiegu, aste honetan udalean adostu dugun mozioan azaltzen den bezala.

Ostalarientzat laguntza onena egoera normalizatzea da, eta horretarako, neurriak zorrotz bete behar ditugu. Oraindik garbi ez badaukagu, berriz esango dugu: ez gara egoera honetatik aterako neurriak zorrotz betetzen ez ditugun bitartean.

Ezarrita dauden eta bete behar ditugun neurriak gogorrak dira, baina ez daude arinkeriaz pentsatuta. Helburua gure artean gertatzen ari diren heriotzak gutxitzea da. Beraz, bete ditzagun.

Abenduan ere esan genuen: norbanakoaren ardura ezinbestekoa da. Jakinda zer egin behar dugun, ez al gara konturatzen zenbat dagoen jokoan? Ez al dugu ikusten herriko dendarien eta ostalarien egoera? Berdin al zaigu? Osasuna, ongizatea, lanerako eskubidea... horiek denak kolokan daude. Zertan ari gara?

Eta norbanakoek ardurak betetzen ez ditugunean, udalak betearazi behar ditu, ahal dituen baliabide guztiak jarrita. Behar bada ez ginateke egoera honetan egongo hasieratik neurriak betearazi izan balituzte.

Bide batez, ostalariei esan nahi genieke pankarta batzuen leloak aholkatzen dizkietenek ez dietela batere mesederik egiten. Urkulluk ez ditu irakurtzen, baina berari botoa eman genionok bai, eta irainak ez zaizkigu gustatzen.