Koronabirusa Azpeitian

Ezarri dizkiguten arauak bete ditzatela eskatzen diegu herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2020ko abe. 20a, 08:50

Jarrera arduragabeak eta ulertezinak ikusi ditugu, eta arauak betetzen ez direnean, udalak betearazi behar lituzke.

Azken egunotan intzidentzia tasak gora egin du herrian, eta tabernak hiru egunez zabalik egon ondoren, berehala itxi behar izan dituzte. Jarrera arduragabeak, ulertezinak ikusi ditugu berriz ere.

Demokrazia batean, bakoitzaren erantzukizunak, norbanakakoaren jarrerak izan beharko luke gizartearen ongizatearen oinarria. Azpeitiko kasuan, garbi ikusi da, zoritxarrez, ez dela horrela. Nahiz eta jakinaren gainean egon, berriz, norbanakoen zein taldeko arau-hauste larriak ikusi ditugu.

Familia askoren ogibidea dago jokoan, eta gauzak okertzen badira, oraindik eta gehiagorenak egon litezke. Batzuen ogibidea jokoan dagoenean, jokaera arduragabeak ezin dira onartu. Eta norbanakoaren jarrera batek gizartea arriskuan jartzen duenean, agintean daudenek erabakiak hartu behar dituzte.

Herritarrei eskatzen diegu, mesedez, bete ditzatela ezartzen dizkiguten arauak. Eta betetzen ez direnean, bada garaia udalak horiek betearazi ditzan.