Xanti Gurrutxaga: "EAJ da egoera honi buelta emateko aukera onena"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2020ko uzt. 4a, 11:36

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako EAJren zerrendan hemezortzigarrena da Xanti Gurrutxaga. Harekin hitz egin dugu hauteskundeen atarian.

Zein da Xanti Gurrutxaga?

59 urte ditut. Donostian jaio nintzen, eta Azpeitian bizi naiz nire bikotekidearekin. EAJko alderdikidea naiz 1989tik.

Zeintzuk dira zure afizioak?

Irakurtzea, mendira joatea eta elurrari lotutako kirolak egitea, eta batez ere, zerbait kontatzeko duten pertsonak entzutea.

Azpeitiko txoko ederrena?

Xoxote.

Sanjuandegiko festa herrikoirik gabe nola sentitu zarete?

Egia esan, ez naiz oso festazalea, baina ulertzen dut urte osoan auzo edo herri bateko jaiak itxaroten edo prestatzen ari direnen tristura eta amorrua. Urte osoa jaien zain, eta eguna iristen denean, suspenditu, aurten leku guztietan gertatzen ari den bezala.

Zure bizitzan ezagutu al duzu festak ospatu gabeko beste urterik?

Bai, zeharka. 1978ko uda oso berezia izan zen, urte hartako sanferminetako gertakariak tarteko; 1983an, uholdeak izan ziren Bilboko Aste Nagusian; eta hainbat kasuan, hainbat arrazoigatik, bertan behera utzi izan dira herrietako jaiak. Aurtengoa, ordea, berezia da, jaien etenaldia orokorra delako.

COVID-19 gaixotasunak eragindako hasierako egun zail haietan, boluntario bezala aurkeztu zinen udaletxean. Zerk bultzatuta?

Gizakiok gure artean laguntzeko dugun behar, elkartasun eta erantzukizun kontua da, besterik gabe.  

Zer bizipen izan zenituen?

Eskatutakoa egin nuen, eta oso pozik nago. Esperientzia ona izan da: jende askorekin hitz egin dut telefonoz, eta beti esker oneko hitzak entzun ditut. Oro har, denak ondo zainduta sentitu dira. Jende askorengan hitz egiteko premia handia sumatu dut.

Udal ordezkari bezala ere aritutakoa zara. Zenbat urtez? Zerk erakarrita?

Asteasun lau urtez izan nintzen zinegotzi, eta beste lau urtez Azpeitin. Une oso onak bizi izan ditut, eta beti gogoratuko ditut. Beste batzuk ez dira izan hain onak, eta horiek lehenbailen ahaztea hobe.

Eusko Legebiltzarrerako EAJren zerrendan aurkeztu zara. Erronka handia da. Zerk bultzatu zaitu hautagai izatera? Zergatik EAJren hautagaitzan?

Jakina, erronka handia da, baina era berean, egoera latz honi buelta emateko lan egiteko aukera ere bada. Espero dut ahalik eta ondoen gainditzea egoera, denok aurrera ateratzea. Nire ustez, EAJ da egoera honi buelta emateko aukera onena.

Hautatua izanez gero, Azpeitiari zer ekarpen egiteko asmoa duzu?

Amets egitea libre da, baina oinak lurrean izanda, ia ezinezkoa da ni legebiltzarkide hautatzea. Zerrendako 18a naiz, baina konpromisoa berbera da, jendeari bizitza zoriontsuagoa eta errazagoa egitea; nahiago nuke hori lortuko banu. 

Kanpaina hasi berria da, nola ikusten duzu giroa? Jendea bozkatzera joango dela uste duzu?

Jendeak etxetik ateratzeko eta dibertitzeko gogoa dauka, normala da. Nolanahi ere, inoiz baino garrantzitsuagoa da arduratsua izatea eta botoa ematera joatea, gobernu indartsu bat edukitzeko erronka berriari aurre egiteko.

Abstenitzeko asmoa duten herritarrei eman hiru arrazoi bozkatzera joateko.

Demokrazian bizi nahi badugu, ezinbestekoa da bozkatzera joatea. Erakunde indartsuak beharrezkoak dira, eta horretarako, botoen bidez, beharrezkoa da guztion babesa. Botoa emateak exijitzeko "plus” bat ematen digu.

Zein dira EAJren programako puntu garrantzitsuenak?

Mandamenduekin gertatzen den bezala, puntu guztiak batean laburtzen dira: indar guztiak batzea, denon artean pandemiak ekarritako ondorio ekonomikoei aurre egiteko.

Pronostiko bat?

EAJk irabaz dezala.