Oinarrizko argazkilaritza ikastarorako izen ematea, irekita

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Argazki Elkartea 2024ko urt. 3a, 10:31

Urtarrilaren 31tik martxoaren 20ra bitartean egingo dituzte saioak, asteazkenetan, 20:00etatik 21:30era, elkartearen egoitzan. Urtarrilaren 10a da izena emateko azken eguna.

Azpeitiko Argazki Elkarteak oinarrizko argazki ikastaroa antolatu du 2024. urterako ere. Reflex kamera digitala erabiltzen irakatsiko dute saioetan, baina ez da derrigorrezkoa izango norberak bere kamera eramatea. Hori bai, argazki kamera izanez gero, saioetara eramatea eskatu dute.

Ikastaroa urtarrilaren 31tik martxoaren 20ra bitartean egingo dute; hain justu, honako egun hauetan: urtarrilaren 31n, otsailaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, eta martxoaren 6an, 13an eta 20an. Asteazkenetan izango dira saioak, 20:00etatik 21:30era, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean.

Ikastaroan izen eman nahi dutenek aae.azpeitikoargazkielkartea@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz egin dezake. Beti bezala, aurrena idazten dutenek izango dute lehentasuna. Urtarrilaren 10a, asteazkena, da izena emateko azken eguna. 60 euroko kostua izango du ikastaroak, eta hogei lagunek eman ahalko dute izena gehienez ere.