Banatu dituzte Udaberriko Argazki Rallyko sariak

Argazki elkarteko kideak, Urdinduzen sustatzaileak, saritutako argazkilariak eta udal ordezkariak zapatuko ekitaldian.

Zapatuan egin zuten ekitaldia Dinamoa sormen gunean, eta han izan ziren, besteak beste, rallyko parte hartzaileak, elkarteko kideak, udal ordezkariak eta Urdinduz egitasmoaren sustatzaileak. Patxi Irazabal eta Igor Froilan (puntu berdinekin) izan ziren aurtengo rallyaren irabazleak.

Joan zen larunbat arratsaldean gauzatu zuen Azpeitiko Argazki Elkarteak Udaberriko Argazki Rallyaren sari banaketa ekitaldia Dinamoa sormen gunean. Besteak beste, han izan ziren rallyko parte hartzaileak, elkarteko kideak, udal ordezkariak eta Urdinduz egitasmoaren sustatzaileak.

Sari banaketa ekitaldiaren aurretik rallyan parte hartu zuten kide guztien irudi bildumak ikusi zituzten ekitaldira joandakoek, eta ondoren ekin zioten sari banaketari. Aurtengo rallyak izan zuen berezitasunik; izan ere, egun hartan Urdinduz egitasmoa izan zen herrian, eta argazkiak ateratzeko gaietako bat horixe izan zen, hain zuzen ere. Gainera, argazki elkarteak Urdinduz egitasmoaren sustatzaileei dizkie argazkilariek rallyan gai horren bueltan atera zituzten 230 irudiak.

Patxi Irazabal eta Igor Froilan izan dira aurtengo rallyaren irabazleak, bakoitzak 150 euro eta oroigarri bat jaso zituztelarik. Hirugarren (bigarren postua hutsik gelditu da) postuan Jose Luis Rodriguez gelditu da, honek 90 euro eta oroigarri bat jaso zituelarik. Herriko argazkilari onenaren saria, bestalde, Adiel Zabalak eskuratu du, eta ondorioz, 70 euro eta garaikurra jaso ditu.

Larunbateko sari banaketa ekitaldiko argazki gehiago argazki elkartearen webgunean ikus daitezke.