Patxi Irazabalek eta Igor Froilanek irabazi dute Udaberriko Argazki Rallya

Igor Froilanen argazki honek irabazi du rallyko argazki onenaren saria. (Igor Froilan)

Lehenengo aldiz, berdinketa izan da lehen postuan Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako rally batean. Irazabal donostiarrak eta Froilan azpeitiarrak puntuaketa berdina lortu dute. Bildumen proiekzioa eta sari banaketa zapatuan egingo dituzte, Dinamoan.

Lehenengo aldiz, berdinketa izan da lehen postuan Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako rally batean. Ondorioz, bi irabazle izan ditu aurtengo Udaberriko Argazki Rallyak: Patxi Irazabal donostiarra eta Igor Froilan azpeitiarra.

Pilar Aguayok, Carlos Mediavillak eta Imanol Manterolak osatu dute epaimahaia, Apirilaren 2an herrian egin zen Udaberriko Argazki Rallyan parte hartu zuten argazkilarien bildumak ikusi eta puntuatu ondoren, honako erabakia hartu zuen epaimahaiak:

1. bilduma onena: Patxi Irazabal (150 euro eta Azpeitiko eskudela).
1. bilduma onena: Igor Froilan (150 euro eta garaikurra).
3. bilduma onena: Jose Luis Rodriguez (90 euro eta garaikurra).

Herriko edo elkarteko lehena (lehen postuetan ez saritua): Adiel Zabala (70 euro eta garaikurra).

Rallyko argazki onenaren saria Igor Froilanentzat izan da (albiste honetan duzuen argazkia da), eta 50 euro eta garaikurra jasoko ditu trukean.

Urdinduz Egunarekin bat

Rallyaren aurtengo berezitasunetako bat izan da Urdinduz Egunean egin zela. Egun berezi hori kontuan izanik, rallyko gaietako bat Urdinduz izan zen, antolatzaileekin aurretik adostuta. Horrela, argazkilari ezberdinekin ere horrela adostuta, rallyan gai horri buruz ateratako argazkiak (200 argazkitik gora) Urdinduzen antolatzaileentzat izango dira.

Argazki bildumen proiekzioa eta sari banaketa larunbat honetan, apirilaren 15ean, 18:30ean izango da, Soreasuko Dinamoan. Denok zaudete gonbidatuta.

Nahi duenak rallyko sarituen argazki bildumak gure webgunean ditu ikusgai.