Zabaldu dute Azkoitian izango den 3x3 Futbol Festarako izen ematea

Erabiltzailearen aurpegia Domusa Teknik Azpeitia Cup 2022ko ira. 6a, 11:49
Azkoitiko 3x3 Futbol Festa, artxiboko irudi batean.

Azpeitiko neska-mutilek dagoeneko eman dezakete izena urriaren 29an, 30ean eta azaroaren 1ean Azkoitian jokatuko den 3x3 Futbol Festan.

Urriaren 29an, 30ean eta azaroaren 1ean jokatuko dute 3x3 Futbol Festa Azkoitian, eta beti bezala, Azpeitiko herritarrek ere izango dute han parte hartzeko aukera. Azpeitikoez gain, honako herri hauetako neska-mutilek ere parte hartu ahal izango dute txapelketan: Azkoitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Zumarraga, Urretxu, Legazpi, Getaria eta Zarautz. Txapelketan parte hartu nahi dutenek urriaren 9ra bitartean eman behar dute izena.

Eguraldiak laguntzen baldin badu, Azkoitiko plazan jokatuko dituzte futbol partidak; belar artifizialdun bi zelai txiki jarriko dituzte bertan. HH4tik LH6ra bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute futbol festan; 2011. eta 2018. urteen artean jaiotakoek, hain zuzen ere, urte horietan jaiotakoek barne.

Aurreko urtean bezala, Azpeitikoak edo Azkoitikoak ez diren taldeek Azpeitia Cupen webgunean dagoen formularioaren bidez egin beharko dute izen ematea. Azpeitiarrek eta azkoitiarrek, aldiz, Azpeitiko Ufito dendan edo Azkoitiko Plaza Berri Sport saltokian eman ahalko dute izena, horietan eskuragarri dauden izen emate orriak beteta. Izena ematen duen jokalari bakoitzak hamabi euro ordaindu beharko du.

Talde bakoitza gehienez sei jokalarik osatuko dute –hiru ariko dira jokatzen eta gainontzekoak ordezkoak izango dira–, eta mutilek nahiz neskek osatutako taldeez gain, nahasturikoak ere osatu ahalko dira. Partida bakoitza hamar minutukoa izango da, atsedenik gabe. Jokalari bakoitzari txapelketako kamiseta bat –hori jantzita jokatu beharko ditu partidak– eta domina emango zaizkio.

Nahi duten ume guztiek lehian parte hartzeko aukera izan dezaten, taldea osatu gabe ere egin ahal izango da izen ematea. Horrela, umeren bat talderik gabe egonez gero, antolakuntza bera arduratuko litzateke falta diren taldeak osatzeaz.

Edozein zalantza edo galdera izanez gero, telefono zenbaki honetara dei dezakete herritarrek: 639 45 17 41.