Boteprontoan

Disdirapean

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Garmendia 2022ko ots. 3a, 08:18

Aintzane Garmendiak 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hango keinu eta zalaparta, hemengo txistu eta algara, inor ilun sentitzen bada jalgi dadila plazara. Arnasa hartzeko betarik gabe sarri, ez da erraza urtarrilaren hasiera honetan patxadaz inorekin solastea: "Zemuz aspaldiko? Gabonetako oporretan gatxaren da, ezin hobeto! Ondo pasau zazuela!". Halaxe da, egunean zehar kexak bata bestearen atzetik gure ahotan dabiltzan arren, pentsaezina litzateke egun bereziotan inor ilun senti daitekeenik. Baina barneko sentipenak nola ez dago zertan hitzez adierazi hala, eta ohituretako bat dugu jada "ondo!" erantzutea.

Ohiturak edo loturak, ezin konta ahala ditugunak. Urte berriari eskaerak egitea da horietako bat, eta oraindik lanparatik jeinua irteten gutxik ikusi badute ere, gehienok egiten dugu gure saiakera. Askok sariak, omenaldiak, podiumak... dituzte buruan, beren izena nonbait idatzita uzteari garrantzia emanda. Baina ederra litzateke hainbat urteren ondoren eta izenik gogoratu ez arren, inoiz elkarrekin ibilbide bat egin genuela gogoratzen duenaren begiradarekin topo egitea. Inor gutxik ezagutzen dituen bizipen haiei dagokien garrantzia ematea, elkar argitzea.