Udalbiltzako kide egitea eta eskultura bat, udalean ika-mikarako gaiak

Nerea Uranga 2024ko mai. 8a, 14:24

Atzo maiatzeko ohiko udalbatzarra. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Udala Udalbiltza partzuergoko bazkide egitea erabaki dute udal osoko bilkuran, EH Bildukoen aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin. Horrez gain, 2023ko Sormen Beketako bat jaso zuen Iosu Azkue eskultorearen proposamenari Udal Gobernuak uko egin izanaz eztabaidatu dute maiatzeko udalbatzarrean.

Hainbat gai landu eta erabaki zituzten atzo maiatzeko ohiko udalbatzarrean. Tartean, Azpeitiko Udala Udalbiltza partzuergoko kide egitea erabaki zuten, EH Bildukoen onespenarekin eta EAJkoen abstentzioarekin. Gai zerrendatik kanpo, galderen eta erreguen txandan, EAJkoek Udal Gobernuko kideei galdetu zieten zergatik uko egin dioten 2023ko Sormen Beketako bat irabazi zuen Iosu Azkueren Labandera eskultura "eskultoreak nahi bezala Garbitokian jartzeari". Kontu horrek eztabaida eragin zuen udaleko bi taldeen artean.

Azpeitiko Udala Udalbiltza partzuergoan sartzeko proposamena apirilaren 26an jaso zuen udalak. Nagore Alkorta alkateak azaldu zuen 2013. urtetik udalak diruz lagundu duela Udalbiltza, eta orain beste pauso bat ematea proposatu zaiola erakundeari. "Euskal Herriko udalen artean sinergiak sortzea eta proiektuak elkarbanatzea da Udalbiltzaren helburu nagusiena. Bat egiten dugunez helburu horiekin, pauso bat aurrera egitea da diru laguntza ematetik kide izatera pasatzea. Horrez gain, bazkide egitea lagungarri izango dugu Udalbiltzaren zerbitzuak jasotzeko eta beste udalekin gauza batzuk elkarbanatzeko". Bazkide izateko 40.000 euroko kuota ordaindu beharko du udalak urtean. "Biztanle kopuruaren araberako zenbatekoa da", argitu zuen Alkortak.

Behin Udalbiltzako bazkide izatea onartuta, ekainean sartuko da Azpeitia Udalbiltza partzuergoan, orduan egingo duelako batzarra erakunde horrek.

Udalbiltzaren sorreran, orain dela 25 urte, EAJ partaide izan zela gogorarazi zuen Nerea Aldai zinegotzi jeltzaleak: "Garai hartan kolore askotakoa zen Udalbiltza. Gero, pasatutakoak pasatu ziren, eta kolore bakarrekoa bihurtu zen. Garbi dugu, ordea, iraganera begira bakarrik ezin dela egon eta etorkizunera ere begiratu behar dela. Baina 2019ko estatutu aldaketarekin, helburuak ere pixka bat aldatu egin dira Udalbiltzan. Erakundea sortu zenean, besteak beste, helburuak zituen Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea, Euskal Herrian egituraketa politiko bat eraikitzen laguntzea, Euskal Herrian nazio eraikuntza bultzatzea eta abar. Orain, estatutuak aldatuta, helburu ditu, besteak beste, eskualdeko garapen ekonomikoa lortzeko egin behar diren ekintzak planifikatzea, jarduera ekonomiko bat erraztuko duen ingurunea bultzatzea, jarduera publikoa eta pribatua elkarlanean jardutea... Helburu horiek lortzeko baditugu beste erakunde eta babes batzuk, eta ez dugu garbi ikusten Azpeitiko Udala Udalbiltzan sartzea. Urtean 40.000 euro dira, eta nahikoa diru dela iruditzen zaigu". Zalantza horiek tarteko, abstentzioa bozkatzea erabaki zuten EAJko zinegotziek.

'Labandera' proiektuaz Udal Gobernuaren erabakia

Atzoko udalbatzarrean eztabaida eragin zuen beste gaia galderen eta erreguen txandan etorri zen. Hain zuzen ere, 2023ko Sormen Beketako bat jaso zuen Iosu Azkue eskultore azpeitiarraren Labandera izeneko proiektuaz eta hark egindako proposamenari udalak uko egiteaz hitz egin zuten. Hegoa Larzabal EAJko zinegotziak heldu zion gaiari. Besteak beste, Udal Gobernuak Azkuek sortutako eskultura herriko Garbitokian jartzea onartu ez izanaz galdetu zuen Larzabalek, eta erabakia "birpentsatzeko" eskatu zien udal gobernukoei.

Udal Gobernuak iazko Sormen Beketan lagundutako proiektu batekin hartutako erabakiak "arduratu" egin dituela azaldu zuen Larzabalek udalbatzarreko hitzartzean: "Aukeratuetako proiektu bat Iosu Azkue azpeitiarraren Labandera izenekoa izan zen. Azkueren asmoa Azpeitiko Garbitokian emakumeen lana ikusarazteko eta balioa emateko proiektua sortzea zen. Markinako [Bizkaia] marmol beltzez egindako eskultura bat da obra [bi metro pasatxokoa], eta Azkuek dio, Garbitokian kokatzen duenean egongo dela egitasmoa osotasunean bukatuta. Hark hasieratik garbi azpimarratzen du kokapen hori gabe obra ez dela ulertuko. Hainbat alditan eta proiektuaren lehen esalditik bertatik azaltzen du artistak eskulturaren kokapena hori dela, eta Azpeitiko herriari, udalari, oparituko diola. Horrez gain, proiektuak genero ikuspegia baloratzen du, baita emakumeen lana azaleratzeko beharra ere; hau da, Matazak proiektuak berak bilatzen duena".

Iosu Azkue artista eta Labandera eskulturaren argazkia, 2023ko Sormen Beketako proiektuen aurkezpenean. (Kulturaz)

Azkuek eskultura bukatuta du, eta Garbitokian jartzeko udalari dohaintzan eman dio, baina udalak ez du proposamena onartu. Artistaren proposamenari ezezkoa emateko arrazoiekin ez datoz bat EAJren ordezkariak: ”Udal Gobernuak obrari uko egin dio emakume azpeitiarren irudia ez delako islatzen, femeninoegia dela argudiatuta, eta Garbitokian ez jartzeko erabakia hartu du. Zein da ba euskal emakumearen irudia? Gaur egun gorpuzkera hutsagatik baloratzen eta klasifikatzen hasi behar al gara emakumeak eta beren irudia? Artearen historian denetik dago, eta obrak artisten isla eta irudikapena dira, ez daukate zertan errealismoari lotuta egon behar”.

Labandera proiektuari beka emateko orduan udalak hartutako "konpromisoa zentsurarik gabe berresteko" ere eskatu zien zinegotzi jeltzaleak EH Bilduko udal ordezkariei. Horrez gainera, Matazak proiektuarekin lotura ere egin zuen Larzabalek: “Garbitokira modu eta itxura askotako emakumeak joango ziren, eta guztion ardura da gure ama, amona eta birramonaren memoria berreskuratzea, mozketarik gabe, zentsurarik gabe; Matazak proiektua aurkezterakoan praka bakerodun emakumeak Garbitokian garbitzen ikusi genituen moduan". "Abanikoak zabalik" egon behar du EAJren ustez, eta Labandera sormen proiektua "bere osotasunean garatu ahal izateko" bide emateko eskatu zioten Udal Gobernuari.

"Udalak ez du inolako konpromisorik"

"Sormen Beka jaso, eta behin lana bukatzen dutenean, lan horren ardura artista edota sortzaile bakoitzarena da, udalak hor ez dauka inolako konpromisorik, eta hori garbi azaltzen da Sormen Beken baldintzetan", erantzun zien oposiziokoei Aitor Larrañaga Kultura batzordeburuak. "Behin lana bukatutakoan, artista bakoitzak eskubidea du, Azkuek egin duen bezala, udalari proposamen bat egiteko; kasu honetan, udalari eman dio lana Garbitokian jartzeko, eta beste batek udalari bere obra erosteko proposamena egin diezaioke. Azpimarratu nahi dut, ordea, artista batek bere lana bukatutakoan, udalak ez duela inolako konpromisorik lan horrekiko".

Azkueren proposamena ez zaio egokia iruditu Udal Gobernuari. Larrañagak azaldu zituen arrazoiak ez datoz guztiz bat EAJk udalbatzarrean aurrez esandakoekin: "Guretzako, garai hartan Garbitokira lanera zihoazen emakumeak irudikatzeko ez da egokia”. Kultura batzordeburuak gaineratu zuen, Labandera eskulturaren egilearekin hiru alditan elkartu dela gaiaz hitz egiteko, eta bere lana jendaurrean erakusteko aukera eskaini diotela, eskultura udal erakusketa aretoan ikusgai jarrita, eta "nahiko balu" sortze prozesuaren fasearen irudiak erakutsiz. "Guk egindako proposamena, baina, ez du gustukoa izan artistak”.

Labandera sormen proiektua Matazak egitasmoarekin lotzearekin ere ez ziren konforme azaldu alkatea eta Miren Arrieta Parekidetasun batzordeburua. "Matazak aurreko agintalditik datorren proiektu bat da, asko bultzatu duguna eta bultzatzen jarraituko duguna. Matazakek balioa eman nahi dio emakumeek historikoki askotariko lanak egin izanari, eta horrek kalean presentzia izatea da nahi dena. Feminismoak hainbat aurpegi, gorputz eta baliodun emakumeak aldarrikatzen ditu, eta zehazki eskultura horrek ez du aniztasun hori irudikatzen. Matazak haratago doan proiektu bat da", nabarmendu zuen Arrietak. EH Bilduko ordezkarien ikuspuntuarekin ez zen ados azaldu Jabier Altuna EAJko zinegotzia, eta eskulturari Matazakekin lotura ikusten diotela berretsi zuen: "Guk lotura ikusten dugu udalak hainbeste bultzatu duen Matazak proiektuarekin, eta harritu egin gaituzte eman dituzuen arrazoiek, eta ez gaude ados. Garaiko emakume baten irudia ez duela irudikatzen esaten duzue, eta arrazoi horrekin Michelangeloren David gaur egun ez litzateke erakusgai egongo".