Orbegozok Ados Pilotaren Binakako Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoa jokatuko du bihar

Nerea Uranga 2024ko api. 12a, 16:08
Otsailaren 17an Azpeitiko Izarraitzen Ados Pilotakoek jokatutako ligaxka faseko partida; tartean, Oihana Orbegozo. (Nerea Uranga)

Ados Pilotak orain arte antolatutako binakako txapelketarik luzeena bukatzear da. Bihar erabakiko da finala jokatuko duen bigarren bikotea zein izango den Miarritzeko Plaza Berri pilotalekuan jokatuko den finalaurrekoan: Iturriaga-Orbegozo bikotea Barrokal-Agirre bikotearen kontra ariko da.

Ados Pilotak antolatutako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia bukatzeko gutxi falta da. Finala apirilaren 20an (18:00) jokatuko dute Antzuolan (Gipuzkoa). Dagoeneko, finala jokatuko duten bikoteetako bat erabakita dago: Ruiz de Infante eta Leire Galeano izango dira. Finaleko bigarren bikotea zein izango den, berriz, bihar erabakiko da Miarritzeko (Lapurdi) Plaza Berri pilotalekuan jokatuko duten finalaurrekoan; 18:30ean da partida. Oihana Orbegozo azpeitiarrak Iturriagarekin bikotea osatuta jokatuko du Agirre-Barrokal bikotearen kontra.

Finalaurrerako nahiz finalerako sarrerak online eros daitezke lotura honetan.

Binakako txapelketaren hirugarren edizio honetarako orain arteko binakako txapelketa luzeena antolatu du Ados Pilotak. Ligaxka fasea iazko abenduaren 16an hasi zuten Latasan (Nafarroa), eta finalaurrekoak erabakitzeko 42 partida jokatu dituzte. Lehen mailan zazpi bikote aritu dira lehian, eta promozio mailan lau.

Ligaxka faseko jardunaldietako bat Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zuten otsailaren 17an.