Ados Pilotaren txapelketako eta gaztetxoen bina partida jokatu dira gaur Izarraitzen

Nerea Uranga 2024ko ots. 17a, 21:15

Arrieta-Mujika eta Iturriaga-Orbegozo partida, gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. (Nerea Uranga)

Lehen mailako ligaxkari dagozkion bi partida jokatu dituzte Azpeitian. Aurretik, Azpeitiko, Zestoako eta Sunbillako pilota eskoletako pilotari gazteak ere aritu dira lehian. Tartean, Pilota Fandom proiektuaren barruan, Naroa Agirre protagonista duen kromoa aurkeztu dute.

Bigarren urtez segidan hartu du Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak Ados Pilotaren Binakako Txapelketa Nagusia. Iaz finalaurrekoak jokatu zituzten Azpeitian, eta aurten lehen mailako ligaxkaren jardunaldiko bi partida jokatu dituzte, tartean, Ados pilotan ari diren eskualdeko hiru pilotariak –Naroa Agirre arroarra, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra– aritu dira.

Berrokal-Agirre eta Aldaregia-Ruiz Larramendi partida, gaur Izarraitzen. (Nerea Uranga)

18:00etan hasita, bi partida ikusteko aukera izan da Azpeitiko frontoi luzean. Lehen neurketa Berrokalek eta Agirrek aise irabazi dute Aldaregiaren eta Ruiz Larramendiren, 22 eta 9 eginda. Bigarrengoan, berriz, Arrieta eta Mujika izan dira garaile Iturriagaren eta Orbegozoren kontra, 22 eta 17 eginda.

Orain arteko binakako txapelketarik luzeena antolatu du Ados Pilotak hirugarren edizio honetarako. Abenduaren 16an jokatu zuten ligaxka faseko lehen jardunaldia Latasan (Nafarroa). Apirilaren 7an Iruñeko Labriten eta apirilaren 13an Biarritzen (Lapurdi) jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta hil bereko 21ean finalak, Antzuolan (Gipuzkoa). Horrenbestez, guztira 58 partida jokatuko dituzte txapelketan. Lehen mailan zazpi bikote ari dira lehian, eta promozio mailan lau.

Azpeitiko eta Sunbillako pilotari gazteak, gaur Izarraitz pilotalekuan. (Nerea Uranga)

Txapelketako bi partiden aurretik, 16:30etik 18:00etara artean, Azpeitiko Ilunpeko, Zestoako pilota elkarteko eta Sunbillako (Nafarroa) hainbat pilotari gaztetxoren arteko bi partida ikusteko aukera izan da.

Pilotari gazteak gaur Izarraitz pilotalekuan. (Nerea Uranga)

Naroa Agirreren kromoa

Ados pilota txapelketako bi pilota partiden artean, Pilota Fandom arte digitala eta euskal pilota elkarlotzen dituen proiektua aurkeztu dute, eta egitasmo horren barruan Naroa Agirre pilotari arroarraz egindako kromoa edota NFTa erakutsi dute.

Asmoz fundazioko Iñaki Olabarria eta Naroa Agirre pilotaria Pilota Fandom proiektuaren bildumako Agirreren gaineko kromoa erakusten. (Nerea Uranga)

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak, Jaime de los Ríos artistak eta Bakarts enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin kolaborazioan gauzatu dute Pilota Fandom proiektua. Artea eta teknologia berriak uztartuz egin dute, "pilota ikusle gazteekin konektatzeko".

Helburu horrekin, hemezortzi kromo digitalez osatutako bilduma bat garatu du Ane Zufiaurre artistak. Ilustrazioek pilotari lotutako balioak dituzte oinarri, eta berariazko online plataforma batean jarri dituzte salgai. Gipuzkoako euskal pilotako orotariko diziplinako kirolariak irudikatu dituzte; tartean, Naroa Agirrerena Arroako pilotalekuan jokatzen.