Aurki irekiko dute kalistenia egiteko parkea

Intza Trula 2024ko api. 11a, 17:00
Kalistenia parkea Loiolako Ignazio etorbidean. (Julene Frantzesena)

Otsailean abiatu zituen Azpeitiko Udalak kalistenia parkea egiteko lanak Loiolako Ignazio etorbidean. Kirola egiteko askotariko barrak ditu parkeak, eta denbora gutxiren buruan egongo da erabilgarri.

Laster zabalduko dute kalistenia parkea Loiolako Ignazio etorbidean. Otsailaz geroztik ari da Azpeitiko Udala eremu horretan lanak egiten, eta bi hilabeteren ostean, ia prest dago parkea. 43.435 euro bideratu ditu udalak proiektura, eta kalistenia egiteko askotariko barrak ditu parkeak. 

Azpeitiko Udalak azaldu zuenez, kirol azpiegitura eskaintza "zabala" du Azpeitiak, eta zerrenda horren beste adibide bat da kalistenia egiteko parke berria. Norbere gorputzaren pisuarekin egiten den kirola da; besteak beste, indarra irabazten laguntzen du, baita malgutasuna eta koordinazioa ere. Datozen asteetan kalistenia erakustaldia egingo dute bertan.

Kalistenia parkea Loiolako Ignazio etorbidean. (Julene Frantzesena)