Prest dute astelehenean hasiko den Gazte Asterako egitaraua

Maialen Etxaniz 2024ko api. 11a, 10:54
(Azpeitiko Gaztetxea)

Apirilaren 15etik 20ra egingo dute aurten Gazte Astea. Hitzaldiak, parodia eta kontzertuak ez dira faltako. Aurtengo berrikuntza Gazte Eguna izango da, mendi lasterketa eta guzti. Gaur jarriko dute mendi lasterketan izena emateko postua plazan. Ahoztar Zelaietaren La Ertzantza que viene solasaldiak irekiko du Gazte Astea. 

Azpeitiko Gaztetxeko kideek prest dute 2024ko Gazte Asteko egitaraua. Astelehenean ekingo diote ekintzei, txupinazoarekin, eta astean zehar askotariko ekintzak egingo dituzte Gaztetxean zein kalean. Urteroko osagaiak izango ditu Gazte Asteak, baina horiek ez ezik, aurtengoan Gazte Eguna antolatu dute larunbaterako. 

Astelehenean hasiko dira ekintzekin, 18:00etan. Txupinazoa botako dute Gaztetxean bertan, eta ondoren, 18:30ean hasita, La Ertzantza que viene liburuaren aurkezpena egingo du Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetariak. Liburuaren xehetasunak azaltzeaz gain, Ertzaintzaren inguruan egindako ikerketaren ondorioak aurkeztuko ditu. “Zelatatzeko tresna aurreratuak eguneroko lanean erabiltzen ari da Ertzantza; gehienak industria pribatuko enpresa erraldoiek egiten dituzte eta horien artean Israelgo enpresak daude", azaldu izan du, besteak beste, Zelaietak. 

Asteartean, hilaren 16an, faxismoa izango dute aztergai. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, "puri-purian" dagoen gaia da. Faxismoaren historia aztergai izeneko hitzaldia eskainiko dute 18:30ean hasita. Ondoren, 20:30ean afaria egingo dute Gaztetxean bertan. 

Aisialdirako tartea

Bi egunez hitzaldiak eskaini ostean, asteazkenez eta ostegunez aisialdirako ekintzak egingo dituzte. Asteazkenean graffiti tailerra eskainiko dute 18:00etatik aurrera. Bitarte horretan luntxa egingo dute. Ostegunean, berriz, mus dardo eta futbolin txapelketak jokatuko dituzte Mus txapelketa 17:00etan hasiko da, eta izen-ematea 16:30ean egin beharko da. Ondoren, 18:00etatik aurrera, hasiko dira gainerako txapelketekin. 19:00etan, kontzertu akustikoa eskainiko du Sheldons musika taldeak, eta bitarte horretan pizza poteoa egingo dute. 

Gazte Asteko ostiralak betiko osagaiak izango ditu: parrillada eta parodia. 20:30ean hasiko dira parrilladarekin plazan, eta jarraian egingo dute parodia. 

Larunbatean, hilaren 20an, ospatuko dute Gazte Eguna. Data horretarako Xoxotera igoera mendi lasterketa antolatu dute Lagun Onak MBko kideekin elkarlanean. Gaur mahaia jarriko dute plazan proba horretan izena eman nahi dutenentzat. Lasterketa amaitu ostean, 15:00etan, bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Ondoren egingo dute sari banaketa, eta jarraian karro-poteoa izango da Alde Zaharrean zehar. Eguna eta Gazte Astea borobiltzeko kontzertuak izango dira Gaztetxean. Oholtzara igoko dira The Lio, Habemus Papam eta Ostikoka musika taldeak. 

Gazte Asterako kamisetak egin dituzte Gaztetxeko kideek. Gazte Eguneko txartelekin batera salduko dituzte horiek. Hainbat izango dira txartelak eskuratzeko aukerak.

  • Xoxotera igoerako izen-ematea: Soldatadunek 5 euro eta soldatagabeek 3 euro. 
  • Xoxotera igoera+kamiseta: Soldatadunek 10 euro eta soldatagabeek 8 euro. 
  • Kamiseta+bazkaria+kontzertuak: Soldatadunek 15 eta soldatagabeek 13 euro.
  • Xoxotera igoera+kamiseta+bazkaria+kontzertuak: Soldatadunek 20 euro eta soldatagabeek 18.