'Xoxotera igoera' lasterketa antolatu dute Gaztetxeak eta Lagun Onak MBk apirilaren 20rako

Maialen Etxaniz 2024ko api. 9a, 12:04
Xoxoteko gaina. (Utzitakoa)

Gazte Astearen barruan antolatu dute lasterketa. Hain zuzen, Gazte Egunean egingo dute Xoxotera igoera, larunbatez. Lasterketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena hainbat tabernetan, baina ostegunean eta ostiralean mahaia jarriko dute plazan izen-ematea zuzenean egin nahi dutenentzat. Dortsal banaketa hilaren 19an eta 20an egingo dute, plazan. 

Azpeitiko Gaztetxeko kideek eta Lagun Onak MBko kideek, Xoxotera igoera lasterketa antolatu dute elkarlanean. Apirilaren 20an, larunbatez, egingo dute proba, Gazte Astearen barruan antolatu dute I. Gazte Egunean. Gazte Asteko egitaraua osorik jakinarazi ez duten arren, lasterketaren inguruko xehetasun guztiak eman dituzte jada.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "egitasmoaren helburua ez da lehiakortasuna sustatzea, ekimen herrikoi bat egitea baizik". Beraz, helmugara iristen diren lehenengo hiru pertsonen denbora bakarrik hartuko dituzte kontuan.

Lasterketa plazan hasiko da 10:00etan, eta Xoxoteko goiko zelaian bukatuko da. Gaztetxeko kideek aurreratu dutenez, hamaiketakoa trikitilariek girotuko dute, eta parte hartzeko aurrez izena emanda egotea "beharrezkoa" izango da. "Adin mugarik ez da egongo, baina adingabeko pertsona guztiek tutore legalaren baimena bete beharko dute", azaldu dute sustatzaileek. Lasterketa ondoren bazkaria egingo dute Azoka Plazan, eta bazkal ostean egingo dute sari banaketa. 

Izen-ematea eta dortsal banaketa

Hilaren 20ko proban parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako hainbat aukera jarri dituzte Gaztetxeko eta Lagun Onak MBko kideek. Alde batetik, Azpeitiko Haginpe eta Mendizaliek tabernetan eta Azkoitiko Dean tabernan eman daiteke izena dagoeneko. Bestetik, aurrez aurreko izen-ematea egiteko mahaia jarriko dute Azpeitiko plazan, datorren ostegunean eta ostiralean, hilaren 11n eta 12an. Egun horietan 18:00etatik 20:00etara jarriko dute izena emateko postua.  

Langabeek hiru euro ordaindu beharko dute izen-ematea eta landunek bost euro. Antolatzaileek zehaztu dutenez, izen-emateetan lortutako dirua "Gurutze Gorria, aseguruak, hamaiketakoa eta beste" ordaintzeko erabiliko dute.

Gazte Astearen barruko ekintzetan, hilaren 15etik 20ra, ere egongo da lasterketan izena emateko aukera, baina kasu horretan gehiago oraindu beharko da izen-ematea: bost euro. 

Dortsal banaketa apirilaren 19an 17:00etatik 20:00etara eta apirilak 20an, 09:00etatik 9:30era egingo dute, Azpeitiko plazan.