Piaspe zentral eolikoaren kontrako 2.000 herri alegazio aurkeztu ditu Sañu Bizirikek udaletxean

Iraia Oteiza 2024ko api. 4a, 17:00
Sañu Bizirikeko taldekideak herri alegazioekin udaletxera bidean. (Sañu Bizirik)

Beste zenbait elkarte eta eragilek ere proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztu dituztenez, herrian proiektuarekiko "aurkakotasun handia" dagoela adierazi du Sañu Bizirik taldeak.

Sañu Bizirik taldeko kideek Piaspe zentral eolikoaren kontra bildu dituzten herri alegazioak aurkeztu dituzte goizean Azpeitiko udaletxean. Taldekideek jakinarazi dutenez, 2.000 inguru izan dira jaso eta udaletxeko erregistroan aurkeztu dituzten sinadurak.

Halaber, herri alegazio horiez gain, herriko beste zenbait elkarte eta eragile ere euren alegazio teknikoak prestatzen eta aurkezten ari direla jakinarazi du taldeak, tartean, Antxieta Arkeologia Taldea, Txillarramendi auzo elkartea, mendi taldeak, zein naturzaleen elkarteak. "Pauso horiek guztiak Piaspe zentral eolikoaren proiektuarekiko herrian dagoen aurkakotasun mailaren adierazletzat ditugu", dio taldeak.

"2022an Statkraft enpresak proiektu eolikoen inguruan Soreasun egin zuen aurkezpenean adierazi zuenez, herritarrek erakutsitako ezezkoarekin nahikoa litzateke proiektua bertan behera uzteko. Ikusteko dago enpresa norvegiarrak bere hitza beteko duen edo, orain arte bezala, proiektuarekin kosta ala kosta aurrera jarraitzeko pausoak ematen jarraituko duen", gaineratu dute taldekideek. 

Egoeraren aurrean, hurrengo egunetan proiektu horien aurka egingo diren deialdi eta jardueretan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.