Inauteriak 2024

Espetxera bidali dute sexu erasoen ustezko egilea, behin-behinean eta fidantzarik gabe

Ihintza Elustondo 2024ko ots. 13a, 15:15

Azpeitiko Epaitegian epaitu dute 24 urteko gizona.

Elegante Egunean bortxaketa bat eta beste sexu eraso bat egin izana leporatuta, gaur igaro da epailearen aurretik 24 urteko gizona, Azpeitiko Epaitegian. Gizona espetxean sartzea agindu du epaileak, behin-behinean eta fidantzarik gabe.

Elegante Egunean bortxaketa bat eta beste sexu eraso bat egitea leporatuta, 24 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, eta gaur, asteartea, utzi du poliziak epailearen esku. Azpeitiko Epaitegian izan da gizona 09:00etatik, eta orain gutxi eman dute epaiaren berri. Hain zuzen ere, gizona espetxean sartzea agindu du epaileak, behin-behinean eta fidantzarik gabe.

Elegante Egunean bi emakumek salatu zuten sexu erasoa jasan izana; horietako batek bortxatu egin zutela salatu zuen, eta besteak sexu erasoa jasan zuela. Lehen salaketa jarri zuen emakumeak bortxatua izan zela adierazi zuen, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen ustezko erasotzailea. Erasotzailea Urola Kostako ertzain etxean atxilotuta zuten bitartean, ordea, jakin zuten beste emakume bati ere sexu erasoa egin ziola; bigarren biktima bortxaketa salatu duen emakumearen laguna da. Lehen emakumea bortxatu eta berehala egin zion erasoa bigarrenari, Ertzaintzak jakinarazi duenez.

Epaia jakinarazi dute, baina ez zer egotzita hartu duen epaileak erabakia. Bien bitartean, Ertzaintzak irekita mantentzen du erasoen gaineko ikerketa.

Erasoen berri izan orduko, Azpeitiko Udalak karnabalak bertan behera uztea erabaki zuen, eta atzo arratsaldean elkarretaratze jendetsua egin zuten erasoak gaitzesteko.