Inauteriak 2024

Plaza bete jende atzoko sexu erasoak gaitzesteko

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 12a, 19:06

Atzo gaueko sexu erasoak gaitzesteko udalak egin duen eta hainbat eragilek babestu duten elkarretaratzerako deiak ehunka herritarren erantzuna izan du, eta gutxitan bezalako betekada hartu du plazak. Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen zioen pankartaren atzean jarrita, indarkeria matxistari erabateko gaitzespena adierazi diote han bildutakoek.

Azpeitiko herriak ez du indarkeria matxistarik onartzen zioen pankartaren atzean, ehunka herritarrek elkarretaratzea egin dute plazan 18:30ean hasita, atzo, Elegante Egunez, herrian izandako sexu erasoak gaitzesteko. Udalak deitu eta hainbat eragilek babestu dute mobilizazioa –Azpeitiko EH Bilduk, Azpeitiko EAJk, Urola Erdiko Itaiak, Azpeitiko Ernaik, Emakumeen Txokoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak–, eta bilkuraren bukaeran Nagore Alkorta alkatea izan da kioskora igo eta hitza hartu duena. Nabarmendu du "guztion erantzukizuna eta ardura" dela erasotutako emakumeei laguntzea, eta "erasotzaileei argi eta garbi azaltzea guztion artean mugatu egingo dugula beldurra hedatzeko estrategia horren ahalmena". Bide horretan, udalak lanean jarraituko duela berretsi du: "Indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa emango diegu, eta prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraituko dugu".

Udalak gaur eguerdian eman du atzo gauean herrian jazotako bortxaketaren berri, eta horrekin batera, karnabalak bertan behera uzteko erabakia jakinarazi du; gaur eta bihar berari dagokion egitarauaren barruko jarduerarik ez dela egingo, alegia. Handik gutxira, bigarren sexu eraso bat ere izan dela baieztatu du erakundeak, eta bi erasoak lotuta daudela esan du, nahiz eta lotura hori zein den ez duen azaldu. Ertzaintzak, berriz, ustezko erasotzailea atxilotuta dagoela adierazi dio hedabide honi, eta kasua ikerketapean dela.

Arratsaldean, errenkadan etorri dira herriko eta herriz gaindiko eragileen eta erakundeen gaitzespen mezuak, eta haiek guztiek bat egin dute arratsaldean elkarretaratzeko udalak egindako deiarekin. Plaza leporaino betetzea eta plazan ikus zitezkeen aurpegi ilunak izan dira herritarren gaitzespenik irmoenaren adierazleak.