Jolas kooperatiboak egingo dituzte ostiralean Jostarratz egitasmoaren barruan

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 31a, 10:17

Bihar itxiko dute ostiraleko saioan parte hartzeko izena emateko epea. Ohi bezala, haurrek eta gurasoek elkarrekin jolasteko hitzordua izango da ostiralekoa.

Joan den ikasturtean jarri zuten abian herriko ludotekek Jostarratz: herriko haurrei eta helduei aisialdirako espazioak eskaintzea eta euren arteko harreman parekideak sustatzea helburu duen egitasmoa. Joan zen azaroan jarri zuten martxan egitasmoaren bigarren edizioa, eta otsailaren 2an, ostiralez, egingo dute egitasmoaren bueltako hurrengo saioa.

Hain zuzen, jolas kooperatiboak eta talde jolasak egingo dituzte ostiraleko hitzorduan. HH5etik LH6ra arteko ikasleek eta haien gurasoek parte hartu ahal izango dute saioan, eta aurrez izena eman beharko dute. Horretarako azken eguna bihar, otsailak 1, izango da. Saioan parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman beharko dute izena. 

Ostiraleran, otsailaren 2an, San Martin egoitzaren aurrean elkartuko dira Jostarratzeko parte hartzaileak 17:30ean, eta 19:00ak arte arituko dira jolasean. Zalantzak izanez gero, 943-15 71 61 telefono zenbakira deitu beharko dute herritarrek.