Jostarratz ekimena, haurrek eta gurasoek elkarrekin jolasteko espazioak sortzen

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 29a, 13:00

"Haurrek eta gurasoek elkarrekin jolasteko kalitatezko espazioak sortzea eta haurren eta helduen artean harreman parekideak sortzea". Horixe da Gazteria Saileko kideek martxan jarritako Jostarratz ekimenaren helburua. Azaroan egin zuten aurreneko jarduera, eta dagoeneko prest dute hirugarren saioa, sormen ginkana. Izen-ematea zabalik dago oraindik lotura honetan. Egitasmoaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte Gazteria Saileko Ion Unanuek eta Aitor Azpiazuk.

Azaroan jarri zuen martxan Jostarratz egitasmoa udaleko Gazteria Sailak, herriko ludoteken bitartez. Herriko haurrei zein helduei aisialdirako espazioak eskaintzea da egitasmoaren helburua, eta horretarako hainbat ekintza prestatzen dituzte. Besteak beste, Goxo-goxo sukaldaritza saioa eta yoga saioa egin dituzte martxora bitartean, eta ekintzek harrera bikaina izan dutela uste dute ludoteketako hezitzaileek.

Ostiralean egingo dute Jostarratz egitasmoko hirugarren jarduera: sormen ginkana. HH5etik LH6ra arteko haurrek eta horien gurasoek parte hartu ahal izango dute jardueran, lau umeko gutxienez guraso batek, eta interesa dutenek asteazkenerako eman beharko dute izena lotura honetan. Ostiralean, 17:15ean, Dinamoa sormen gunean jarri dute hitzordua, han egingo baitute ekintza.