Buruzai proiektu eolikoaren aurka jasotako herri alegazioak udalean aurkeztu ditu Sañu Bizirikek

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 26a, 10:35

Sañu Bizirikeko kideak atzo udaletxeko eskaileretan, sinatutako alegazioak udaleko Erregistroan aurkeztu aurretik. (Mailo Oiarzabal)

Milatik gora jaso dituzte orain arte, baina astelehenean emango dute "behin betiko datua", Oletan ere Ez! taldeak han bildutako sinadurak Azkoitiko Udalean aurkeztu eta gero. Gainera, gaur eta bihar ere plazan mahaiak jarriko dituztela jakinarazi dute Sañukoek, sinatu nahi duenarentzat.

Capital Energy konpainiak Oleta, Samiño eta Izazpi inguruetan eraiki nahi duen Buruzai zentral eolikoaren proiektuaren aurkako herritar alegazioak eta horiek babesteko ehunka sinadura aurkeztu zituen atzo arratsaldean Sañu Bizirik taldeak Azpeitiko Udalaren Erregistroan.

Hilabete eskasean, Sañu Birizikek milatik gora sinadura jaso ditu Buruzairen kontrako alegazioak babesteko, eta horiek aurkeztu zituzten atzo udaletxean. Dena den, atzo ez zuten kopuru zehatzik eman; Oletan ere Ez! taldeak astelehenean aurkeztuko ditu berak jasotako sinadurak Azkoitiko Udalean, eta kanpainaren "behin betiko datua" orduan jakinaraziko dituzte.

Gainera, Sañu Bizirikekoek ez dute sinadura bilketa bukatu: gaur 18:00etatik 20:30era eta bihar 11:00etatik 13:30era mahaia jarriko dute Azpeitiko plazan, sinatu nahi duenarentzat.