Zumitzezko labirintoa landatzen hasiko dira bihar ikastetxeetako haurrak

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 22a, 15:57
Zumitzezko parkea egingo duten gunea prestatzen hasi dira gaur.

Igandean, festa giroan, ospatuko dute jolasgune berriaren irekiera. Ekoetxearekin elkarlanean antolatutako jarduera izango da igandekoa, eta Zuhaitz Eguna ordezkatuko du. Parkearen irekiera festa 10:00etan hasiko da, eta 13:00etan amaituko. Komeni da festan parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea, honako loturan.

Joan zen azaroan jakinarazi zuten Haurren Kontseiluak egindako eskaera bat aintzat hartuta, herriko ikasleek zumitzezko jolasgune bat sortuko dutela Loiolako hiribideko belardian. Hilabeteetan zehar jolasgune hori diseinatzeko eta nolakoa izango den erabakitzeko prozesuan murgilduta ibili dira Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko LH 5eko eta 6ko ikasleak, eta bihar hasiko dira parke berria muntatzen. Txandaka egingo dituzte muntaketa lanak eskoletako haurrek Garaioneko kideekin batera, eta igandean izango da irekiera festa. Zumea hostorik ez duenean landatzen da, abendutik martxora.

"Parke biziaren" irekiera festan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, osteguna baino lehen. Ekoetxean elkartuko dira guztiak, 10:00etan, eta handik joango dira zumitzezko labirintora; amaiera ere Ekoetxean bertan izango da, 13:00 aldera. Hain zuzen ere, Ekoetxearekin elkarlanean antolatutako jarduera izango da igandekoa: beste urte batzuetan zuhaitzak landatzen ziren eta zumea landatuko dute aurten, Zuhaitz Eguna ordezkatuz. Komeni da festan parte hartu nahi dutenek aurrez izena ematea, honako loturan.

Ikasleak arduratuko dira jolasgunea zaintzeaz, eta urtean behin udal brigadako langileek moztuko dituzte adarrak. Zumeak ura behar du, eta ureztatze sistema bat ere jarriko dute. Gaur hasi dituzte lekua egonkortzeko lanak.

Zumitzezko parkea egingo duten gunea. (Nerea Uranga)

Prozesuaren garrantzia

Haurren Kontseiluak, Azpeitiko Udalak eta ikastetxeek emaitzari berari bezainbeste garrantzia eman diote jolasgunea sortzeko prozesuari. Zumitzezko jolasgune biziaren proiektuarekin, hainbat helburu lortu nahi dituzte: "Naturari eta naturak ematen dizkigun baliabideei garrantzia eman nahi zaie, jolasa naturalizatu nahi da, partaidetza sustatu, hezkidetza sustatu, kulturartekotasuna indartu eta balioa ematea eta betiko ohiturak ideia berritzaile batean batu nahi dira".

Azpeitiko hiru ikastetxeetako LH5eko eta 6ko mailetako ikasleek osatzen dute Haurren Kontseilua. Azpeitiko Udalak sortu zuen "haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna emateko". Udalak adierazi du "haurrei entzunez" hainbat gairi buruz sakontzeko "prestutasuna" hartzen duela. Gogorarazi du gainera, herri hezitzailea izateko konpromisoa ere baduela Azpeitiak, eta horren barruan, hitzarmena du Oinherri egitasmoarekin.

Hona hemen prozesuak utzi dituen irudiekin Haurren Kontseiluak egin duen bideoa: