Zumitzezko parke bat sortzeko prozesuan murgildu dira herriko LH 5eko eta 6ko ikasleak

Nerea Uranga 2023ko aza. 17a, 09:20
Zumitzezko jolasgunea kokatuko duten Loiola hiribideko belardia. (Nerea Uranga)

Loiolako hiribideko belardian kokatuko da parkea, eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko haurrek diseinatuko eta erabakiko dute nolakoa izango den gunea. Zumitzezko jolasgunea Haurren Kontseiluak egindako eskaera baten emaitza izango da.

Haurren Kontseiluak egindako eskaera bat aintzat hartuta, zumitzezko jolasgune bat sortuko dute Loiolako hiribideko belardian. Dagoeneko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko LH 5eko eta 6ko jolasgune hori diseinatzeko eta nolakoa izango den erabakitzeko prozesuan sartuta daude. Emaitzari berari bezainbeste garrantzia eman nahi die jolasgunea sortzeko prozesuari. Zumitzezko jolasgune biziaren proiektuarekin, hainbat helburu lortu nahi ditu udalak: "Naturari eta naturak ematen dizkigun baliabideei garrantzia eman nahi zaie, jolasa naturalizatu nahi da, partaidetza sustatu, hezkidetza sustatu, kulturartekotasuna indartu eta balioa ematea eta betiko ohiturak ideia berritzaile batean batu nahi dira".

Azpeitiko hiru ikastetxeetako LH5eko eta 6ko mailetako ikasleek osatzen dute Haurren Kontseilua. Azpeitiko Udalak sortu zuen "haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna emateko". Udalak adierazi du "haurrei entzunez" hainbat gairi buruz sakontzeko "prestutasuna" hartzen duela. Gogorarazi du gainera, herri hezitzailea izateko konpromisoa ere baduela Azpeitiak, eta horren barruan, hitzarmena du Oinherri egitasmoarekin.

Garaion elkartea bidelagun dutela, zumitzezko jolasgunearen diseinua prestatzeko lanean hasita daude ikasleak.  Hamasei gela dira parte hartuko dutenak prozesuan, eta horiek jolasgunearen diseinu baten zirriborroa prestatu beharko dute.

Azaroaren 18an, Haurren Kontseilua elkartuko da, eta Garaioneko hezitzaileen laguntzarekin prestatutako diseinu zirriborroetako bat aukeratuko dute. Abenduaren 11ko astean, berriz, hezitzaileak gelaz gela joango dira, jolasgunearen diseinuaren aurkezpena egitera, Haurren Kontseiluko ordezkariekin batera. Urtarrilaren 22ko astean, ikasleek Garaioneko kideekin batera, zumitzarekin landaketa egingo dute, eta urtarrilaren 28ean, guraso eta herriko eragileekin batera Landaketa Eguna ospatuko dute, jolas eta festa giroan.

Zumitzezko jolasgunea zaintzearen ardura ikasleek izango dute, eta urtean behin Azpeitiko Udalaren brigadako langileek moztuko dituzte adarrak.