Euskal Herria Bizirik sortuta, "makroproiektuen aurkako" lehen topaketa nazionala egingo dute Azpeitian

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 18a, 17:10

Euskal Herria Bizirik sarearen aurkezpen agerraldiko irudia. (Gedar)

Euskal Herria Bizirik sarearen parte dira Oletan Ere Ez, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeak, besteak beste. Hainbat deialdi egin dituzte datozen hilabeteetarako. Hitzordu nagusietako bat Azpeitian izango da, apirilaren 13an. Egun horretan topaketa eta manifestazio nazionala egingo ditu Euskal Herria Bizirikek herrian. BECen izango den Wind Europe kongresuan ere mobilizatuko dira. 

Euskal Herria Bizirik sarea aurkeztu dute gaur. "Natura eta landa-ingurunea suntsitzen dituzten makroproiektuen inposaketari aurre egiteko" sortu dute Euskal Herria Bizirik sarea "lurraldearen defentsan" lanean ari diren Euskal Herriko hainbat herri mugimendu eta plataformek, tartean Oletan Ere Ez, Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek. "Indarrak, ezagutzak eta ekintzak " batu ostean erabaki dute sarea sortzea. "Euskal Herrian gaurdaino iraun duten ekosistema naturalen eta sozialen babesa, defentsa eta kontserbazioa" izango ditu ardatz eragile berriak. Bertako kideek hainbat mobilizazio eta ekimen egingo dituela aurreratu dute gaur goizean Gasteizen egin duten agerraldian. Apirilaren 13an topaketa eta manifestazio nazionala egingo dute Azpeitian.  

Euskal Herria Bizirik sarearen parte diren eragileek helburu orokor bat partekatzen dutela azaldu dute gaur egindako agerraldian: "Ingurune naturalaren babesa, trantsizio energetiko deszentralizatuaren eta kudeaketa komunitarioaren defentsa, landa-eremu bizia eta funtzionala bermatzea nahiz, planetaren muga biofisikoak gainditu gabe, baliabide naturalen probetxuaren unibertsaltasuna, lankidetza, ondasun komunen zaintza eta erabakiguneen deszentralizazioa ezaugarri izango dituen gizarte baten alde aritzea". Horiek izango dira taldearen bideorria zehaztuko duten helburuak. 

Trantsizio berdea, "iruzur"

Dena den, testuinguruaren gainean egiten duten irakurketa ere plazaratu dute gaurkoan, eta gogor agertu dira "trantsizio berdea" deitzen denaren aurka. Talde eratu berriak "fartsa" gisa definitu du trantsizio berdea: "Trantsizio energetikoaren aitzaki faltsuarekin, jendarteak aspalditik eskatzen duen aldaketaren inguruan nahasmendua sortu eta ziria sartu nahi digute. Trantsizio berdea deitzen diote, baina, berde, haien espekulazio-jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da. Horregatik, fartsa hau salatzen dugu, haien asmo bakarra erregai fosilen agortze nabarmenaren aurrean eliteen negozio-eredua salbatzea eta berrantolatzea baino ez delako". 

Horren karietara, enpresa transnazionalen negozio eredua salatu dute: "Enpresa transnazional horiek, nazioarteko inbertsio-funtsen eskuetan daudenek, haien negozio-ereduari eusteko behar dituzten sakrifizio-eremuak seinalatzen dituzte hala nola, herri-lurrak, laborantza-lurrak, kostaldeko eremuak, itsas ingurunea, akuiferoak, hiriak, auzoak eta herriak, eremu horietako errealitate ekosoziala mespretxatuz. Bien bitartean, betiko gobernuek modu konplizean jarduten dute, korporazio horiei bidea erraztearren ingurumena babesteko eta lurraldea antolatzeko legeak hutsalduz eta saihestuz, haien ekintzek lege-babesa izan dezaten". Jokabide horren adibide gisa jarri dute "Tapia Legea", eta aipatu dute Eusko Jaurlaritzak onartu asmo duen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea ere "kezkaz" begiratzen dutela. Era berean, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "iruzurtzat" jo dute, "lurraldea arpilatzeko asmoz enpresek aldez aurretik seinalatu dituzten eremuak legez ezarri nahi dituelako". Aipatutako konpainia horiei guztiei, gainera, Europako Next Generation funtsen bidez dirulaguntzak ematen dizkietela ohartarazi du Euskal Herria Bizirikek.

Halaber, Europako Batasunak, Espainiako eta Frantziako gobernuek eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatzen duten trantsizio energetikoaren ondorioez ohartarazi dute: besteak beste, administrazioei egotzi diete laborantza lurren emankortasuna "galbidera" eramatea, eta mendiak "porlanez betetzea", AHT abiadura handiko trenarekin, goi tentsioko dorreekin eta erraustegiekin, besteak beste. 

Mobilizazioak, prest

Berehalako zeregin gisa, "makroproiektuen aurkako borroka ezinbestekoa" dela nabarmendu du Euskal Herria Bizirikek. Horri lotuta, hainbat deialdi egin ditu datozen hilabeteetarako. Martxoaren 20an izango da aurreneko hitzordua: Wind Europe kongresua izango da hilabete horretan Barakaldoko (Bizkaia) BECen, industria eolikoari buruz, eta, horren atarian, kongresuaren kontrako hainbat protesta egingo dituztela jakinarazi dute.

Apirilaren 13an, bestalde, topaketa nazionala egingo dute Azpeitian "lurraren defentsan diharduten taldeek eta norbanakoek". Egun horretan, topaketa ez ezik, manifestazioa ere izango da herrian. Maiatzaren 26an, berriz, mendi martxa nazional bat egingo dute Kolitza mendira, Balmasedatik (Bizkaia) hasita.

Honako hauek dira Euskal Herria Bizirik sareko kideak: Makatzak Arratia, Interkonexio Elektrikorik Ez, Enkarterrian Makroeolikorik Ez, Oletan Ere Ez, Sañu Bizirik, Errezil Bizirik, Andatza Ezkeltzu Bizirik, Mendietan Eolikorik Ez (Barakaldo, Bizkaia), Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Larramendiko Arnasa, Arabako Mendiak Aske, Karakate Bizirik eta Haizeak Bizirik (Bortziriak-Malerreka, Nafarroa).