Agifesen Buru Osasuna eta Zinema zineforum zikloa Azpeitira iritsiko da astelehenean

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 23a, 08:40
'Palabras en las paredes del baƱo' filmaren irudi bat.

Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen duen Palabras en las paredes del baño filma emango dute Soreasun, eta ondoren, filmean jorratutako gaien gaineko solasaldia izango da antzokian bertan. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aurrez eskuratu behar dira, Internetez edo Sanagustin kulturgunean.

Aurrez Tolosan, Beasainen eta Donostian geldialdiak egin ondoren, Azpeitian izango du laugarren hitzordua Agifesen Buru Osasuna eta Zinema zineforum ziklo ibiltariak. Datorren astelehenean, azaroaren 27an, izango da Azpeitian zineforum saioa, 18:30ean, Soreasu antzokian. "Buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea eta buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea" dira egitasmoaren helburuak, buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak azaldu duenez.

Soreasuko saiora joaten direnek Thor Freudenthal zuzendariaren Palabras en las paredes del baño filma (AEB, 2020) ikusteko aukera izango dute lehendabizi, eta ikus-entzunezko lan horretan jorratzen diren gaietatik abiatuta gogoeta egiteko aukera izango dute ondoren, zineforumaren solasaldiaren tartean. Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du astelehenean Azpeitian emango duten filmak; sendagai esperimental batekin duen tratamendu berriak institutuan nahiz institututik kanpo bizimodu normala izateko aukera emango diola espero du gazteak.

Buru Osasuna eta Zinema zineforum zikloaren saiorako sarrera doakoa da, baina joan nahi dutenek aurrez gonbidapena eskuratu beharko dute. Bi aukera dituzte horretarako: gonbidapenak Sanagustin kulturgunean eskatzea, edo Internetez eskuratzea, Entradium atarian.