Azken unean ihes egin dio txapelak Egigureni

Ihintza Elustondo 2023ko aza. 11a, 19:29

Julen Egiguren eta Iraitz Zubizarreta, finala amaitzean. (Baiko)

22 eta 21 galdu du Julen Egigurenek Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala Iraitz Zubizarretaren kontra, Tolosako Beotibarren. "Triste nago, baina azken unera arte borrokatu dut, eta horrekin gelditzen naiz", adierazi du neurketa amaitzean.

Julen Egiguren azpeitiarrak hirugarren aldiz jokatu du gaur Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala. Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.a izan du parez pare azpeitiarrak Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan, zaleen berotasunik falta ez zuela. Azken unera arte tentsio handiko partida izan da; dena den, beste behin ezin izan du txapela jantzi Egigurenek, 22 eta 21 galdu baitu neurketa. "Triste nago, baina azken unera arte borrokatu dut, eta horrekin gelditzen naiz", adierazi du neurketa amaitzean.

Hasiratik hartu du aurre markagailuan Zubizarreta III.ak. Aurreikuspenek ere hura zuten faboritotzat, eta bazirudien hura izango zela nagusi neurketan: 3 eta 0, 7 eta 3, 10 eta 3 joan da aurretik. Dena den, azpeitiarra kantxan lekua bilatzen joan da pixkanaka, eta lau tanto jarraian eginda, 10 eta 7 adierazi du markagailuak. 12 eta 8, 13 eta 12, partida aldatu egin da une batetik bestera, eta azpeitiarra txukun aritu da, etenik gabe borrokan. Hainbat aukera izan ditu partida berdintzeko Egigurenek, baina baina azkenean, 21. tantoan izan da finaleko berdinketa bakarra. Tentsio handia sortu da amaierarako, eta partida bizi-bizia ikusi ahal izan dute zaleek. Azken sakea atera du Egigurenek, eta txapela esku-eskura izan duen arren, Zubizarretak egin du azken tantoa. Horrenbestez, azken unean egin dio ihes txapelak azpeitiarrari.