41. Euskal Antzerki Topaketak

'Salbe, publikoa', 'Hondamendia' eta 'Higa' obrekin hasi dira 41.Euskal Antzerki Topaketak

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 6a, 17:06

Ostegunean, Salbe, publikoa obra eskaini zuten Goaz antzerki taldekoek. Ostiralean, Artedramak Hondamendia antzezlana oholtzaratu zuen eta igandean Higa obra Zestoako Eromen antzerki taldekoek. Ostegunean eskainiko dute Euskal Antzerki Topaketen barruko hurrengo antzerkia. Giltxikari taldeak Identitarteak emango du 19:00etan, Dinamoa sormen gunean.

Ireki da 41. Euskal Antzerki Topaketen teloia. Joan zen ostegunean hasi ziren Euskal Antzerki Topaketak, Salbe, publikoa obrarekin. Dinamoa sormen gunean eskaini zuten obra Goaz antzerki taldekoek, eta Dinamoa sormen guneko bazterretan barna murgildu zituzten ikusleak. Ostiralean, Artedramak Hondamendia antzezlana oholtzaratu zuen, eta jendez bete zen Soreasu antzokia. Atzo, igandez, Zestoako Eromen antzerki taldekoak izan ziren protagonistak, eta haiek Higa obra eskaini zuten. 

Txotxongiloek ere hartu dute lekua. Urtero bezala, Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa ikusgai dago Betharram aretoan. Topic Nazioarteko Txotxongilo Zentroko hainbat txotxongilo ere ikusgai daude Soreasu antzokiaren sarreran. Europa osoan txotxongilo arteari eskainitako zentro integral bakarra da Topic. Bildumaren xehetasunez gozatzeko aukera izango dute herritarrek antzerki emanaldien aurretik eta ondoren. Datorren igandean, berriz, 11:00etan, Txotxongiloak egiten ikasteko tailerra eskainiko dute Dinamoa sormen gunean.

Asteburuko ekitaldien argazki bilduma osorik ikusgai, Kulturaz kooperatibaren Artxibategi Digitalean

Hona hemen datozen egun eta asteetan izango diren antzerkien egutegia: 

  • Azaroak 9, osteguna:
    Identitarteak. Giltxikari taldea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat.
  • Azaroak 10, ostirala
    Itsas behera. Pez Limbo. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
  • Azaroak 11, larunbata
    Troia. Kamikaz Koletiboa. Kale antzerkia. 12:30ean, Soreasuko plazan. Denentzat.
  • Azaroak 12, igandea
    Lagun beltz asko. Ados Teatroa. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.
  • Azaroak 16, osteguna
    (H)ondoko gela. Les Bobe Bobe elkartea. 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Helduentzat.
  • Azaroak 18, larunbata
    Arraina bihotzean. Mar-Mar Teatroa. 17:00etan, Soreasu antzokian. Familientzat.
  • Azaroak 23, osteguna
    Badon*. 2023-24 Korrika Kulturala; estreinaldi aurrekoa. Ondoren, Topaketetako sari banaketa. 19:00etan, Soreasu antzokian. Helduentzat.